Albisteak

 

Sortu diren eragozpenak gainditu eta aste honetan San Juan Ikastetxearen ondoan euri urak bideratzeko dagoen galeriako lanak amaitu ditu Muskizko Udalak. Izan ere, urtarrilean izandako euriteen ondorioz, zulo bat agertu zen inguru honetan, eta elizaren ondoko kalezulo horretatik ikastetxera iristeko sarbidea itxi behar izan zen. Kalezulo hori dagoeneko irekita dago. Hori horrela izanik, euri uretako galeria konpontzeko eta bertatik igarotzen den bidea egokitzeko eta hobetzeko hasiera batean aurreikusi ez ziren 40.000 euro inguru (BEZ kanpo) inbertitu behar izan ditu Muskizko Udalak, era berean, bide honetan zerbitzu sareen horniketa, seinaleztatze eta ordezkatze lanak ere egin dira.

Galeria honetako hormetako zimenduen higadura tarteko, kalteek herriko bideei eta gune honetatik igarotzen den gas sareari eragin zieten. Honako hauek izan dira aurrera eraman diren lanak: kaltetuta zeuden galeriako horma zati batzuk eraistea, horma berriak eraikitzea, galeriaren goiko aldean loza bat ipintzea eta uraren uberka hormigoiz egokitzea higatuta zegoen tarteetan. Hortik aparte, galeriaren saneamendua zeharo konpondu da, hodiak aldatu dira, eta asfaltatuta dagoen zatia handitu da, autobusak igarotzerakoan sor litezkeen arazoak arintze aldera.