Albisteak

 

Mugikortasun urria duten pertsonak lekualdatzeko kontratua luzatzea erabaki du Muskizko Udalak, eta horrela, hilean bataz beste 946 lekualdatze eta mugikortasun arazoekin lotutako 156 laguntzaldi eskaintzen dituen zerbitzua luzatu da. Euren kabuz moldatzeko trabak dauzkaten eta mota bateko eta besteko zerbitzuetara iristeko laguntzaile baten edo garraiobide baten premia dutenei begira eskaintzen da garraio egokituko zerbitzua.

Mugitzeko zailtasunak dauzkaten pertsonak garraiatzeko eta lekualdatzeko zerbitzu honek, bataz beste, 1.100 aldiz eskaintzen du laguntza hilero, irteera arruntak, ohiko irteerak, eta noizean behingo irteerak batuta. Maiztasun handieneko joan-etorrien artean honakoak nabarmentzen dira: Atseden Zentrora egunero hurbiltzen diren pertsonak, ohiko irteerak eta Adizmi izeneko elkarteak asteburuetan antolatzen dituen aisialdi jardueretan parte hartzeko mugitzen diren bizilagunak.

Mugikortasun arazoak dauzkaten pertsonak eraman eta ekartzeko zerbitzuak erabiltzaileen artean jaso duen harrera ona dela eta, zerbitzu hau beste urte batez luzatzea erabaki du Muskizko Udalak, eta horretarako, 85.000 euro (BEZ kanpo) bideratuko dira. Hori horrela, jarraipena eman zaio duela urte batzuk eskaintzen hasi zen eta udalerriko hainbat auzotarrek erabiltzen duten programari.

Era berean, bereziki esanguratsua den datu bat ere nabarmendu behar da: garraio egokituko zerbitzuari dagokionez, asebetetze-maila handia adierazi dute zerbitzu hau erabili duten herritarrek, egin diren inkestek adierazi dutenez. Ildo beretik, Muskizko Udalak gogorarazi nahi du ez dela Eskala Mugikorra duen garraio egokitua soilik, aparteko zerbitzua ere bada, izan ere, zerbitzu honi esker, euren etxebizitzetan irisgarritasun hesiak dauzkaten herritarrek (igogailu txikiak, igogailu eza…) euren etxebizitzetatik atera eta Udal Zerbitzuetara eta bestelako lekuetara hurbil daitezke.