Albisteak

 

Udalerrian bizi diren pertsona nagusiei begira, suteak saihesteko zerbitzua eskaintzen jarraituko du Muskizko Udalak, izan ere, 2015. urtean instalatu zenetik emaitza positiboak izan ditu zerbitzu honek. Neurri honen bitartez, zehazki, zeharo dohainik, kea antzemateko gailuak instalatzen dira etxebizitzetan, eta horretaz gain, besteak beste, etxebizitzatik irteteko krokisak ere egiten dira, horrela, adinekoen segurtasuna handitzeko eta euren inguru hurbilean duten autonomia hobetzeko. Gaur egun, guztira, Muskizko 163 etxebizitzatan daude ipinita gisa honetako aparatuak, eta urte batetik bestera kopuruari eusten zaio, izan ere, urtero egoten dira irteera eta sarrerak zerbitzu honetan. Orotara, 190 detektagailu daude funtzionatzen, eta beste 27 osagarri etxebizitzetan banatuta.

2019. urtean 16 etxebizitza bisitatu dira. Horietatik 12 etxebizitzatan ke detektagailu bana instalatu da; eta 2 etxebizitzatan, bina detektagailu. Beste bi etxebizitzatan ez da detektagailurik instalatu dagoeneko antzeko ezaugarriak dauzkaten dispositiboak jarrita egon direlako. Hortaz, aurten, orotara, 16 detektagailu berri instalatu dira.

Muskizko Udalak, guztira, urteko 11.900 euroko (BEZ barne) aurrekontua dauka bakarrik edo pertsona nagusiak lagunduta bizi direla eta suteak sufritzeko arrisku handiagoa duten horiei segurtasun handiagoa eskaintzeko. Helburu horri begira, hainbat lan eramango dira aurrera, besteren artean, etxebizitzetako alderdi fisikoak aztertzea, gas, galdara, aireztatze, berogailu eta abarren instalazioak egoera txarrean daudela eta egon daitezkeen arrisku iturriak identifikatzea; ke detektagailuak instalatzea; eta horretaz gain, pertsona nagusien autonomiaren eta mugikortasun gaitasunaren eta gaitasun kognitibo eta sentsorialen balorazioa ere egingo da.

Segurtasunari dagokionez, Gizarte Ekintza Sailaren bitartez, giza talde zaurgarrien artean babes neurriak sustatu nahi ditu Muskizko Udalak, eta pertsona nagusiak talde zaurgarrien artean daude, izan ere, gaitasun fisiko eta mental guztien jabe izan arren, suteak pairatzeko arrisku handiagoa daukate, kasu askotan erantzuteko denbora luzeagoa behar baitute. Kea detektatzeko aparatu bat instalatuta, programa honetan parte hartzen duten nagusien segurtasuna handitzeaz gain, euren autonomia luzatzeko aukera ere eskaintzen zaie pertsona nagusiei, denbora tarte luzeagoz gozatu ahal dutelako euren etxebizitzaz eta euren inguru hurbilaz.