Albisteak

 

Musika ikastaroak herritarrengana hurbiltzeko helburuaren barruan, Abanto-Zierbenako Abantoko Musika Eskolarekin daukan hitzarmena berretsi du Muskizko Udalak. Hitzarmen honi esker, Abanto-Zierbenan erroldatuta daudenen prezio berdinean egin ahalko dituzte muskiztarrek Abantoko Musika Eskolako musika ikastaroak, izan ere, Muskizko Udalak ordainduko du diferentzia. Horren harira, datu esanguratsu bat nabarmentzekotan, aipatu beharra dago lehenengo hiruhileko honetan Muskizko 14 auzotar hurbildu direla Abanto Musika Eskolara euren ikasketak egiteko.

Nolanahi ere, gehienez ere, 4.000 euro bideratuko ditu Muskizko Udalak hitzarmen honetarako; hortaz, ordaindu beharreko zenbateko guztia handiagoa balitz, Muskizko ikasleek ordaindu beharko lukete aldea, betiere ikasle bakoitzari dagokion tarifarekiko proportzionalki.

Interesa duten guzti horiek Muskizko Udalera jo dezakete, eta bertan errolda ziurtagiria eskuratu ahalko dute, zeina Abanto Musika Eskolan aurkeztu beharko duten izena ematerakoan. Abanto-Zierbenako Musika Eskolak 4 urtetik aurrerakoentzako eskola programak dauzka, eta horretaz gain, hizkuntza musikaleko, instrumentuetako eta instrumentu taldeko ikastaroak ere bai.