Albisteak

 

Jarraitzen Dugu Txistu Taldearen XX. Urteurrenaren harira, Muskizko Udaleko lankidetzarekin, bere lehen Euskal Ezkontza ospatuko du Muskizek. Ospakizun hau eguerdiko 12:00etan abiatuko da, izan ere, orduantxe aterako dira ezkongaiak euren guneetatik. Emaztegaiaren segizioa RENFEko tren geltokitik aterako da, apaindutako idi gurdiekin batera eta Jarraitzen Duguko trikitiek eta Muskizko Intzarri dantza taldeak lagunduta; senargaia, berriz, Ojillotik aterako da, Muskizko txistulariek eta Txikiteroek lagunduta; eta Sobalbadun inguruan elkar topo egingo dute senargaiak eta emaztegaiak.

Meatzari plazara iritsi eta plazan bertan dotea irakurriko da. Jaia musika tradizionalak eta euskal dantzek girotuko dute. Eguerdiko 13:00etan, eliz ospakizuna egingo da, Eguneko Zentroan, ohorezko aurresku eta dantzekin batera, eta horretaz gain, hamaiketako txikia ere izango da, pastekin, ardoarekin… bertaratzen diren guzti-guztientzat. Bazkarira hurbildu aurretik, triki-poteoa ere egingo da, San Juan ingurutik.

Jaiari segida emateko, 15:00etan, herri-bazkaria hasiko da Udal Pilotalekuan, eta otorduaren ondoren, erromeria ere eskainiko da. Bazkarira etorri nahi duten guzti horiek honako leku hauetan eskura ditzakete tiketak: Gaztegunean, Rio tabernan, Ortze tabernan, Amalur tabernan eta La Hoguera jatetxean. Otorduaren ondoren, frontoian bertan, agurra eskainiko du Muskizko Karate taldeak; eta ezkontza guztietan bezalaxe, abesten amaituko da eguna. Horretarako, kantutegi batzuk banatuko dira, eta horrela, animatzen diren guzti-guztiek Jarraitzen Duguko kideekin eta Muskizko Txikiteroekin kantatu ahalko dute.

Herritar guztiak jai honetan parte hartzera eta Euskal Ezkontzetan sortu ohi den giro atsegin horren parte izatera animatzen ditu Muskizko Udalak.

 Egitaraua Euskal Ezkontza (PDF 165KB)