Albisteak

 

Udal Pilotalekuko aldageletako eraberritze-lanak amaitu ditu Muskizko Udalak. Kirol erabilera ez ezik, erabilera soziala eta kulturala ere badauka azpiegitura honek Muskizko udalerriko bizilagunentzat. Urteen poderioz kaltetuta zeuden instalazioak guztiz berritu dira, eta dagoeneko egoera ezin hobean daude Udal Pilotalekuak eskaintzen dituen instalazioak, urte osoan zehar bertan egiten diren jarduerei aterpea eskaini ahal izateko, esate baterako, asteburu honetan bertan Mello Sariaren barruan erabiliko da berriro ere.

Eraberritze lan hauei esker, 30 urtetik gora zeukaten instalazioak modernizatu ahal izan dira. Obra hau aurrera atera ahal izateko, orotara, 130.000 inguru inbertitu dira, eta honako lan hauek egin dira: aldagela eta komun publikoak hobetu, egokitu eta eraberritu dira, eta mugikortasun urriko pertsonek erabili aha izateko komun egokitu bat instalatu da. Hortik aparte, erabiltzaileentzako armairu batzuk instalatuko dira aldageletan, garbiketako produktu eta tresnetarako biltegi txiki baterako beste kokaleku bat bilatuko da, eta egurrezko arotz lanen ordez PVCzko edo aluminiozko materialak jarriko dira. Era berean, beste lan garrantzitsu bat ere egin da obra hauen barnean, hain justu ere, instalazio elektrikoa eta galdara berritzea.