Albisteak

 

Muskizko Udalak 223.000 euro baino gehiago bideratu ditu lanean sartzeko arazo bereziak dituzten kolektiboak lehentasunez laneratu ahal izateko. Enplegu plan honen arabera, gutxienez, egiten diren kontratazio guztietako % 30 diru-sarrerak bermatzeko errentako jasotzaileentzat (DBE) izan beharko dira, eta egiten diren gainerako kontratazioak honako kolektibo hauetako pertsonekin egin beharko dira:  35 urte baino gutxiago dituzten herritarrak, kontratazioaren aurreko 180 egunetan enplegu eskatzaile modura inskribatuta dauden 45 urtetik gorako bizilagunak, 55 urte baino gehiagoko pertsonak, epe luzeko langabeak eta gizarte bazterketa pairatzeko arriskua duten pertsonak. Enplegu plan honetara bideratuta dagoen zenbatekoa handitu egin da aurreko urtearekiko, eta arestian aipatu bezala, guztira, 19 lanpostu eskaini dira udalerriko langabeei begira.

Kasu honetan, Euskal Enplegu Zerbitzuak 197.334 € bideratu ditu enplegua sustatzeko Muskizko udalerriko ekimen honetarako; eta Muskizko Udalak, 26.470 €. Arestian aipatutako kolektiboak kontuan hartzeaz gain, kontratatzen diren pertsona guzti horietatik, gutxienez, % 40 emakumeak izan beharko dira; eta % 15, 55 urtetik gorakoak.

Ahal den heinean, antzeko ezaugarriak dauzkaten aurreko programetan parte hartu ez duten pertsonak aukeratuko dira, eta Muskizko Udalak eta Lanbidek, guztira, 223.806 euro bideratu dituzte, 6 hilabeteko kontratuetarako, eta kasu guztietan % 75eko lanaldiko kontratuak izango dira, % 62,5eko lanaldia duen lanpostu baten kasuan izan ezik. Hautatzen diren auzokoak 2019ko azaroan hasiko dira lanpostu berrian, 2020ko apirilera arte.

Udaleko enplegu plan honetan lanpostu hauek eskainiko dira: bi administrari teknikari, bi administrari laguntzaile, gizarte ekintzako teknikari bat, bi hurbiltasun teknikari eta akonpainamendu laguntzaile bat, liburutegi teknikari bat, gizarte hezitzaile bat, haur hezkuntzako bi teknikari edo aisialdiko bi teknikari, filologiako goi mailako teknikari bat, eta atezain bat. Horietaz gain, proiektu urbanistikoetako teknikari bat, 2. mailako igeltsero bat, eta lan publikoetako eta lorezaintzako hiru peoi.

Muskizko Udaleko egungo korporazioak lanean dihardu, udalerriaren barruan enplegua sortzeko, batik bat, langabezian epe luzea daramaten eta dagoeneko laguntzarik eskuratzen ez duten biztanle taldeen artean, betiere lan kontratu hauek eskuratzen dituzten auzotarrak txandakatzeko aukera eskainiz.