Albisteak

 

Muskizko El Cerro de La Llosa izeneko Kultur eta Kirol Elkarteak antolatzen duen 2019ko Mello Sariko ibilaldi eta martxaren zortzigarren edizioa urriaren 12an izango da, larunbatan. Nagusien martxa eta lasterketez gain, Mello Sariaren barruan aurten ere Martxa Txikia antolatu da, zehazki, Martxa Txikiaren zazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Modalitate hauetako edozeinetan izena emateko azken eguna urriaren 9a da, asteazkena, Martxa Txikiaren kasuan izan ezik. Berrikuntza gisara, aurten Bizkaiko Lasterketetako I. Ligaren barruan sartu da Mello Saria, Muskizko kirol eta kultur elkarte honek urte luzetan egindako lanaren aitorpen modura.

2019ko Mello Sariaren ibilbideak distantzia desberdinak izango ditu parte-hartzaileek aukeratzen duten modalitatearen arabera eta nahi duten 18 urtetik gorako kirolari guzti-guztiek har dezakete parte, federatutakoek eta federatuta ez daudenek. Adingabeen kasuan, berriz, martxako edozein modalitatetan hartu ahalko dute parte, izan ere, 14 urtetik gora hartu ahal da parte. Lasterketari dagokionez, 12 kilometrokoa egin ahalko dute, betiere izena ematerakoan euren tutore edo legezko arduradunaren baimen sinatua aurkezten badute, NANaren fotokopiarekin batera.

Edizio berri honetan iazko ibilbidea errepikatuko da. Berriro ere bidesari batzuei aurre egin beharko zaie, kasu batzuetan gogortasun maila handiagoa izango dute, beste kasu batzuetan segurtasunaren mesedetan gehitu dira, eta oro har, edertasunean irabazteko ipini dira. Martxaren ibilbidea 25 kilometrokoa da eta 1.530 metroko desnibela du, igoera eta jaitsierak dauzka, eta sorpresaren bat edo beste. Aurreko edizioetan bezalaxe, martxa goizeko 08:00etan abiatuko da udal pilotalekutik; eta lasterketa, 10:00etan. Martxak 5 ordu irautea aurreikusi da; eta lasterketak, 3 ordu. Ildo beretik, berrikuntza bat ere badago aurten, izan ere, bikoteentzako modalitatea ere badago, emakumeentzat, gizonentzat eta mistoentzat, 25 kilometrokoa.

Bestalde, 12 kilometroko martxa eta lasterketa laburra ere eskaintzen dira. 730 metroko desnibel positiboa daukate, eta, batik bat, gazteentzat dira, nolanahi ere, mendi lasterketa eta martxetan trebatzen hasi nahi duen edonork har dezake parte. Martxa laburra goizeko 09:00etan abiatuko da; eta lasterketa, 10:30ean.

Martxa Txikia

Duela urte batzuetatik hona ohitura bilakatu den gisara, goizeko 09:45ean, San Juan plazatik, Martxa Txikia abiatuko da, umeentzat. Proba horrek 8 kilometro ditu eta 400 metroko desnibela izango du. 4 urtetik gorako haurrentzako aproposa da Martxa Txikia eta ordu eta erditik hiru ordura bitartean irautea aurreikusi da. Elkartasunaren alde, edizio honetan biltzen den dirua ARNASAri (Fibrosi Kistikoaren Bizkaiko Elkartea) emango zaio. Hori horrela izanik, aurten Martxa Txikian parte hartzen duten haurrei 2 euro eskatuko zaie, eta haurrekin etortzen diren helduek borondatea utzi ahalko dute, zenbakiak jasotzeko gunean ipiniko diren itsulapikoetan.

Mello Saria solidarioa bere mendiekin

Mello mendiaren ingurua gogor astindu zuten suteen ondoren, Petronorren eta Udalaren laguntzarekin, mendiaren gutxi gorabehera 5.000 metroko azaleran garbiketa eta landaketa lanak egingo ditu kirol eta kultura elkarte honek. Proiektu hau 2020ko martxorako egitea aurreikusi da, eta herriko hezkuntza zentroen laguntza izatea ere espero da, bertako espezietako 600 zuhaitz landatzeko.