Albisteak

 

Muskizko Udalak dagoeneko abian jarri du 2020ko Udal aurrekontuak zehazteko prozesu parte-hartzailea. Hori horrela, gaurtik, hots, irailaren 25etik, urriaren 9ra bitartean, 16 urte baino gehiago duten udalerriko auzotarrek erabakiak hartzeko prozesu parte-hartzaile honetan parte hartu ahalko dute, horrela, udalerria hobetu eta hazteko.

Hurrengo Udal aurrekontuetan herritarrek parte hartzeko dituzten bideak ezagutzera emateko, herritarrak informatzeko kanpaina bat abian jarri du Muskizko Udalak. Informazio kanpaina horren zutabe nagusia aste honetan udalerrian buzoneatzen ari den eskuorria da, zeinean jasota dagoen zer diren Muskizko Udal aurrekontu parte-hartzaileak; eta hortik aparte, Muskizko Udaleko webgunean ere Udal aurrekontu parte-hartzaileei buruzko informazio guztia bildu da.

Hasiera batean, behintzat, Muskizko Udalak 3 asteko epea aurreikusi du, Muskizko herritarrek eta nortasun juridikoa eta egoitza soziala Muskizen duten entitateek euren iradokizun zehatzak Muskizko Udalera helarazteko, eta horretarako honako bide hauetako edozein erabil daiteke: 

  • Udalerriko etxebizitzetan buzonetauko diren eskuorrietako galdetegia bete eta aurrez aurreko Udal bulegoetan edo udalerriko hainbat gunetan jarrita dauden buzoietan aurkeztea
  • Proposamen zehatzak posta elektronikoz honako helbide honetara bidaltzea: muskizirekia@muskiz.com
  • Udal webgunean eskura dagoen galdetegi digitala betetzea
  • Herritarrek euren proposamenak aurkezteko egokituko diren karpetara hurbiltzea. Proposamenak jasotzeko karpa hauek azoka txikiaren inguruan jarriko dira, asteartean, urriaren 1ean, 11:00etatik 14:00etara, eta Cendeja kalean, botikaren parean, 16:00etatik 19:00etara. Hortik aparte, asteazkenean, urriaren 2an, Photocall bat egingo da, Udal Kiroldegian, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

2020ko aurrekontu parte-hartzaile honetarako iradokizunak aurkezterakoan, muskiztarrek honakoak azaldu behar dituzte hizkuntza errazean: zer hobetu nahi duten, eta zergatik, ekimenaren irismena eta gutxi gorabeherako aurrekontua, aurrekonturik izanez gero. Muskizko Udaleko Sail desberdinekin lotutako iradokizunak aurkez daitezke (hirigintza, berdintasuna, euskara, ingurumena, kultura…) eta aurkezten diren proposamen horietan Muskizko herritarren interes orokorra interes partikularren gainetik egon behar da. Era berean, asteazkenean, urriaren 2an, hitzaldi bat eskainiko da Muskizko jubilatuen egoitzan, 19:00etan, eta berbaldi horretan prozesua aurkeztuko da eta aurrekontu parte-hartzaileak zer diren azalduko da, hurbiltzen diren bizilagun guztiek euren zalantzak argitu ahal izateko.

Aurrerago, Muskizko Udaleko zerbitzu teknikoek proposamen horien bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertuko dute. Beharrezko baldintzak betetzen dituzten iradokizunak proiektu bihurtuko dira, eta aukeratutako proiektuen behin betiko zerrenda jakitera emango da.

 Txostena (PDF 212KB)