Albisteak

 

Euskara ikasteko eta udalerriko merkataritza eta ostalaritzako establezimenduetan errotulu eta toldoak instalatzeko diru-laguntzetako deialdiak onartu ditu Muskizko Udalak. Helburu horri begira, orotara, 10.000 euroko partida bideratu da, eta bata zein bestea euskararen erabilera bultzatzeko ekimenen barruan daude, beste egitasmo batzuen artean.

Aurreko legealdietan bezalaxe, aurten ere euskararen erabilera udalerrian handitzeko diru-laguntzen deialdia onartu du Muskizko Udalak. Ildo beretik, nabarmendu behar da Muskizko bizilagunek eta Muskizko Udaleko langileek euskara ikasteko diru-laguntzek eta Muskizko udalerrian errotuluak instalatzeko diru-laguntzek ez dutela inolako jaitsierarik izan aurreko urteekiko.

Udalerrian erroldatuta daudenen kasuan, HABEk homologatutako zentro publiko eta pribatuetan egiten diren euskara ikastaroak lagunduko diru diruz deialdi honen bidez. Deialdi honek ez du hezkuntza zentroetako eskolaz kanpoko jarduerarik edo GEk antolatutako ikastarorik diruz lagunduko. Euskara ikastaro hauetarako, guztira, 8.000 € erabiltzen ditu Udalak.

Ikasle bakoitzak jaso beharreko diru-kopurua ez da inoiz matrikularen % 50 baino gehiago, eta ikasle bakoitzari, gehienez, 300,00 € itzultzen zaio ikastaro bakoitzeko. Diru-laguntza hauek eskuratu ahal izateko, Muskizen erroldatuta egon behar da, egindako euskara ikastaroetan % 85eko asistentzia izan behar da, eta mailak gainditu behar dira. Begirale titulua dutenek eta Eusko Jaurlaritzan inskribatuta dauden kirol edo kultur elkarteetako kideek matrikularen %75 eskuratu ahal dute.

Bestalde, partida honetako 1.000 euro Muskizko Udaleko langileen euskara ikastaroak diruz laguntzeko erabiltzen dira.

Errotulu eta toldoak
Euskaraz edo elebitasun aktiboari jarraiki errotulu edo toldo bat edo batzuk instalatu dituzten Muskizko merkataritza eta ostalaritza establezimenduek Muskizko Udaleko diru-laguntza hauek eskuratu ahalko dituzte. Muskizko Udalak, orotara, 1.000 euro bideratzen ditu diru-laguntza hauei begira. Toldo edo errotulu bakoitzari, gehienez, % 50 itzuliko zaio, betiere 360 euroko mugatik pasa gabe, toldo eta errotuluak euskara hutsez idatzita dauden kasuetan. Toldo eta errotulu elebidunen kasuan, berriz, fakturaren % 30 itzuliko zaie, betiere 180 eurotik pasa gabe; eta horretarako, toldo eta errotulu elebidunetan euskara lehenetsita egon behar da (tamainarengatik, kokapenarengatik… ).

Eskaerak aurkezteko epeak
Eskaerak behar bezala beteta aurkeztu behar dira, Muskizko Udaleko Erregistroan edo Muskizko Udaleko Euskara Zerbitzuan, jendaurreko ordutegian (09:00-13:00), 2019ko urriaren 7tik azaroaren 7ra.