Albisteak

 

Muskizko Udal Korporazioak, orotara, 50.000 euro inbertitu ditu udalerriko hiru hezkuntza zentrotan mantentze eta konponketa lanak egiteko. Batik bat, igeltserotza, margoketa, iturgintza, zurgintza eta garbiketa lanak eraman dira aurrera Muskizko hiru hezkuntza zentro hauetan.

Muskizko Udaleko Gobernu Batzordean hartutako erabakiari jarraiki, aurtengo udako oporretako atsedenaldia baliatuz, konponketa eta mantentze lanak egin dira Muskizko Ikastolan, Cantarrana Eskolan eta Muskiz BHI zentroan. Zehazki, hiru zentro hauetan serrailak konpondu dira, isurbide eta txorrotak ikuskatu dira, eta kristal, gortina eta estoreak aldatu dira. Horretaz gain, Cantarrana Eskola Publikoaren kasuan, geletan margoketa lanak egin dira, kristalak garbitu dira, eltxo-sareak instalatu dira, eta zabuak eta baratzeko etxola konpondu dira.

Muskiz BHI zentroari dagokionez, zentro honetako entxufeetan mantentze lanak egin dira eta entxufe berriak ipini dira, ateak aldatu dira, eta teilatu eta erretenak garbitu dira. Muskizko Ikastolan, berriz, eskudel berriak instalatu dira eta kanpoaldeko gune batean hormigoi inprimatua ezarri da.