Albisteak

 

Datorren irailaren 15ean, igandearekin, berriz ere festa giroa nagusituko da Muskizen, izan ere, Nekazaritza Azokako XXXVII. edizioa ospatuko da egun horretan. Berriro ere, Bizkaiko Nekazaritzako produktuak, Txakolin sari nagusia, zaldi lehiaketa eta bertako abereen erakusketa izango dira urtero-urtero ehunka bisitari biltzen dituen hitzorduko pizgarri nagusiak.

Muskizko Azokara bertaratzen diren guzti-guztiek orotara 90 saltoki baino gehiago izango dituzte aukeran; eta saltokiotan, gazta, frutak, barazkiak, eztia, hestebeteak, arrautzak, gozogintza, txakolina, loreak, produktu ekologikoak, kontserbak eta are nekazaritzako makinak ere aurkitu ahalko dituzte. Abeltzainek zaldi eta behi arraza desberdinak ekarriko dituzte, bai eta hainbat ardi eta ahuntz mota ere, jakin-mina duten guztien gozagarri. Horretaz gain, Fernández Terreros harategiak txekor bat erreko du.

Gaztari helduta, orotara, 10 gazta saltoki izango dira, eta bisitariek Idiazabal izendapena duten gaztak eta bestelako gazta mota batzuk dastatu ahalko dituzte. Ildo beretik, okintzak eta pastelgintzak izango dute aurten ordezkaritzarik handiena Muskizko Azokan. Nolanahi ere, ezbairik gabe, Txakolin upeltegiek bereganatuko dute arretarik handiena, izan ere, Txakolin Sari Nagusia ospatuko da, zuria, beltza eta oilar-begia modalitateetan. Guztira, 10 txakolin ekoizle bilduko dira, eta 20 txakolin motatik gora ekarriko dituzte, sagardoaz gain.

Bertako abere erakusketan 100 abelburu erakutsiko dira Muskizko Azokako aurtengo ekitaldian. Zaldi lehiaketan, berriz, orotara, 37 animaliari eman zaio izena. Aurten, zaldi lehiaketarako esparru berri bat izango da azokan, itxiera indibidualez hornituta, ikusleen segurtasunaren mesedetan, eta horrela, animaliak gertuagotik ikusi ahalko dira. Iaz abiatutako bideari jarraiki, poniak erakusten diren eta lehiatzeko erabiltzen den laukian bertan egingo dira poni paseoak, lehiaketa bukatu eta berehala. Sariei dagokienez, modalitate hauetan sariak banatuko dira: Meatzaldeko jabeen arraza gurutzatuko zaldiak (maila orokorra eta maila lokala) eta Muskizko jabeen arraza garbiko zaldiak.

Kartela (PDF 118KB)

Bertako merkataritzako azoka

Irailaren 15ean bertan, udalerriko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka ospatuko dela baliatuta, Aukeren eta Bertako Merkataritzaren Sustapenaren XII. Azoka ospatuko du Muskizko Merkatarien Elkarteak, San Juan plazan bertan dagoen pilotalekuan. Mota bateko eta besteko produktuak ikusi eta erosteko stand ugari jarriko dira pilotalekuan.

Kartela (PDF 149KB)