Albisteak

 

Gizarte Zerbitzuetako Sailaren bitartez, IKASGUNE egitasmoa luzatu du Muskizko Udalak, eta, zehazki, 29.000 euro bideratuko dira ekimen honetara. Programa honi esker, 2018an, esaterako, Ikastolako eta Cantarranako 52 adingaberi eskaini ahal izan zitzaion laguntza. Eskola laguntzako zerbitzua da IKASGUNE, eta 6 eta 12 urte artean dauden (Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara), eskolaren osagarri diren hezkuntza baliabideetan gabeziak pairatzen dituzten eta, kasu batzuetan, gizarte desabantailan dauden Muskizko adingabeei babesa eskaintzen die laguntzarako gune honek, betiere ikasleei euren hezkuntza prozesuan laguntzeko asmoz.

Ikasleei jarrerak eta balioak barneratzen lagunduko dien giro aproposa sortzea, euren maila akademikoa indartzea, haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzea, autoestimua lantzea, ikasleen gizarteratzean eta hezkuntzan familiak inplikaraztea, adingabeen artean eskolarekiko irudiari balioa ematea, dinamiken bitartez adingabeei aisialdiaz gozatzeko aukera ematea eta gizarteko hainbat eragilerekin batera lankidetzan aritzea dira helburuak. Parte-hartzaileen deribazio fitxen berri izan eta hezitzaileek adingabeen taldeak ezagututakoan, eskola umeen ezaugarri eta beharretara egokitutako helburuak zehazten dira.