Albisteak

 

Pobeña 1890 izeneko festan, igande honetan, hots, uztailaren 7an, bere meatzetako historia omenduko du Muskizek. Ekimen honetan euren meatzetako iragana antzeztuko dute herritarrek, eta horretarako, hainbat agertoki atondu eta agertoki horietan ohikoak ziren pertsonak hezurmamituko dituzte Pobeñako bizilagunek.

Urtero bezalaxe, Pobeñako auzotarrek euren meatzetako iragana oroituko dute, espresuki horretarako prestatuko diren hainbat gunetan, betiere XIX. mende amaierako bizitza antzeztuz. Besteak beste, agertoki hauek izango dira: mineralaren kargatzea, bizitza tradizionala, janari denda, oihal denda, notariotza, marinel lanbidea eta arrantza, meatzea eta harri-zulatzaileak, ikatz zuloa eta eskolak. Antzezleku horiek auzo osoan sakabanatuta egongo dira eta mineralez betetako idi gurdiak gune guzti horiek lotuko ditu. Horrela, bizitza osoa mineralaren erauzketa tradizionalaren eta minerala biltegietaraino garraiatzearen inguruan eraikitzen zela gogoraraziko da. Mineral biltegi horietan minerala gordetzen zen, meatzaritzako itsasontziak noiz iritsiko zain. Berrikuntza gisara, eremu berri bat izango da aurten Pobeña 1890ean, hain justu ere, uniformez jantzitako kuartel bat, mineralaren garraioaren aspaldiko zaintzaileen oroigarri. Horretaz gain, sasoi hartako ezkontza bat ere antzeztuko da, bai eta akta egingo duen alkate-notario bat ere.

Pobeña 1890 ekimenaren edizio berri honetan, orotara, ehundik gora lagun hezurmamitzea aurreikusi da, orduko belaunaldien ondorengoei eta bisitariei atzerriko hainbat enpresa bertan ezarri aurretik eta burdin mineralaren ustiapen industrialaren aurretik bertako bizimodua nolakoa zen erakusteko. Orduko ohiko produktuen dastaketa ere eskainiko da. Horretaz gain, aurtengo edizioan Clotilde Gorbea omenduko da.

Antonio de Truebaren jaiotzaren bigarren mendeurrena

Edizio berri honetan Antonio de Truebaren jaiotzaren bigarren mendeurrena nabarmentzen da. Hori horrela, Madriletik etorriko diren bere zuzeneko ondorengoak ere ospakizunean izango dira. Pobeña 1890 ekimenean, besteak beste, Enkarterriko idazlearen bizitza eta lana antzeztuko dira, literatura ondare ikaragarria utzi zuelako eta antzezten den garai berekoa delako. Izan ere, Antonio de Truebaren aitaren familia meatze-esparruetatik mea erauzi eta portuetaraino garraiatzetik bizi izan zen.