Albisteak

 

Muskizko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak agenda berri bat editatu du, Gizarte Ekintzako zerbitzu komunitarioen barruan, 2019ko uztailetik abendura arte udalerrian aurrera eramango diren jarduerak ezagutzera emateko. Aste honetan Muskizko etxebizitza guztietan hedatuko den agenda hau hainbat bloketan banatuta dago: nagusien zentroa, berdintasuna, autonomiaren sustapena, adikzioen prebentzioa, eta gazte eta helduentzako jarduerak. Agenda berri honen bitartez, udalerrian aurrera aterako diren jarduera edo tailerrak herritarrei gehiago hurbildu nahi zaizkie, mota bateko edo besteko ekintzetan parte har dezaten.

Nagusien Zentroari helduta, irailean 3. Adinekoentzako txango bat egingo da, eta hortik aparte, Yoga, Puntu, Kakorratz, Ehoziri, Oihalezko Margo, Psikomotrizitate, Memoria, Gimnasia eta Igerileku ikastaroetan izena eman ahalko da. Urrian, azaroan eta abenduan ere jarduera ugari eskainiko dira, esaterako, El Cruceroko etxean, larunbatetan, Dantza Egitaraua izango da, Udal Kiroldegian hainbat jarduera egingo dira, Memoria tailerra, Bingoa, Begoñako Ama Birjinari omenaldia egingo zaio, hainbat Hitzaldi eskainiko dira eta Jaiotza Biziduna ere ospatuko da.

Gazteenentzat, urrian eta azaroan, adikzioei aurre egiteko hainbat jarduera osasungarri eskainiko dira, bai eta heziketa afektibo sexualeko tailerrak ere. Helduentzako jarduerei helduta, herritarrentzako hainbat eta hainbat ekintza egingo dira, batik bat gurasoei eta hezitzaileei begira. Era berean, urrian, Gaztegunean, tailer hau eskainiko da: “Sareko pornografiaren eragina umeen eta nerabeen sexualitatea, afektibitatea eta generoa eraikitzerakoan”.

Agenda honetan familiako kideak zaintzen dituzten pertsonentzako jarduera batzuk ere jaso dira, adibidez, Mindfluness tailerra eta Nagusien Udal Zentroko laguntza psikologikoko taldea. Hortik aparte, adikzioak prebenitzeko programaren barruan, hainbat tailer eta dinamizazio eskainiko dira, esate baterako, “Lagunekin Baratzean” programa, San Juan Ikastetxearekin elkarlanean, edo “Osasuna ikasiz”, Muskiz BHI eta Somorrostro Irakasgunearekin batera. Familiekin egiteko zenbait jarduera eta ekintza ere egingo dira.

Bukatzeko, hainbat neurri hartu dira, berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko. Helburu horri begira, besteak beste, Beldur Barik antolatuko da, A25ean hainbat ekintza egingo dira, Ahalduntze Tailerrak eskainiko dira eta “Bularretako Minbiziaren Prebentzioa” eta gisa horretako Hitzaldiak ere bideratuko dira.

Agenda (PDF 238KB)