Albisteak

 

Burdinazko Mendietako Bide Berdeko Taldeduatloiaren bigarren edizioa babestuko du Muskizko Udalak. Proba hau Traslaviñan (Artzentales) hasi eta Pobeñaraino iritsiko da, hain justu ere, meatzetako antzinako trenbidetik. Proba hau Enkarterrialde Enkarterriko Landa Garapeneko Elkarteak antolatzen du, Artzentalesko, Galdamesko, Sopuertako, Abanto-Zierbenako eta Muskizko Udalen laguntzarekin batera. Kirol proba hau 2019ko azaroaren 3an izango da, igandean, eta talde bakoitzak 74 kilometro egin beharko ditu (37 kilometro txirrindulariek; eta 37 kilometro, korrikalariek).

Enkarterrialde elkarteak eta aipatutako Udalek lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten, Burdinazko Mendietako Bide Berdea Enkarterrirako aberastasun eta enplegu iturri bihurtzeko asmoz. Beste ekintza batzuen artean, Megaduatloi hau sortu zen, eta iaz I. Txakurkrossa egin zen, horrela, bide berdearen erabilera, jarduera fisikoa eta kirola bultzatzeko, eta kirol proba hauetan parte hartzen duten enpresa eta elkarteak ezagutzera emateko.

Kirol proba honetan txirrindulariek 37 kilometro egingo dituzte; eta lasterkariek beste 37 kilometro. Taldekako lasterketa da, eta txanda guztiek ibilbide bera egingo dute, Bezitik Pobeñaraino. Lehenengo parte hartzaileak 37 kilometro egingo ditu bizikletaz; bigarrenak 15 kilometro korrika; hirugarrenak, 14 kilometro korrika; eta azkenak 8 kilometro. Horrela osatuko dute ibilbide osoa.

Kirol proba hau Bezi auzoko zelaietatik aterako da, Sopuertatik. Gorago aipatu bezala, lehenengo parte hartzaileak lehenengo 38 kilometroak bizikletaz egin beharko ditu eta taldeko gainerako kideek korrika egin beharko dute. Horrela, lehenengo korrikalaria Galdamesko La Aceña izeneko guneraino iritsiko da, eta bertan lekukoa emango dio bigarrenari. Bigarren lasterkaria Abanto-Zierbenaraino iritsiko da, eta lekukoa pasako dio hirugarrenari. Hirugarrenak 14 kilometro egingo ditu korrika. Eta laugarren eta azken korrikalariak 8 kilometro egingo ditu eta Pobeñaraino iritsiko da, izan ere, hantxe bukatuko da proba. Taldeak gizonenak, emakumeenak edo mistoak izan daitezke, eta 3 sari egongo dira kategoria bakoitzeko.

Izen-ematea eta lehiaketarako oinarriak

Kirol proba honetan parte hartu nahi dutenek www.taldeduatloia.eus webgunearen bidez eman dezakete izena, datorren ekainaren 27tik aurrera. Gehienez, 120 taldek hartu ahalko dute parte, hortaz, gehienez, 480 lagun elkartuko dira. Talde bakoitzeko kuota 74 eurokoa da, promozio modura; eta egun horretatik aurrera, 90 euro ordaindu beharko dira. 16 eta 18 urte arteko parte hartzaileek ere ekimen honetan parte hartu ahal dute, baina horretarako aldez aurretik dagokion guraso edo tutorearen baimen sinatua aurkeztu beharko dute.