Albisteak

 

Eskolako Agenda 21 egitasmoak gure gizarteak ingurumenarekiko konpromiso eta sentsibilizazioa handitzea du helburu, eta duela 10 urte baino gehiagotik, udalerriko hainbat hezkuntza zentrorekin batera ekimen hau lantzen ari da Muskizko Udala. 2018-2019 ikasturtean, ekimenarekin bat egin du beste zentro batek, Cantarrana Eskolak, hain justu ere; beraz, gaur egun, Somorrostro Irakasgunea, Muskiz BHI, San Juan Ikastetxea eta Cantarrana Eskola daude egitasmoan.

Hurrengo egunetan udalerriko etxeetan buzoneatuko den aldizkarian, ingurumena zaintzeko, hondakinak murrizteko, animaliekiko errespetua lantzeko, elikadura osasungarria bultzatzeko eta gisa horretako beste hainbat alorretan aurrera egiteko ikasturte honetan hezkuntza zentro horietan landu diren jarduerak biltzen dira. Ekintza horiek guztiek, funtsean, ingurumen atseginago eta iraunkorrago bat izaten laguntzen dute.

Eskolako Agenda 21eko aldizkarian hezkuntza zentro horietan landutako jarduerak laburbiltzen dira. Ekimen honetan parte hartu duten ikasleek hainbat alorretan egin dute aurrera, esaterako, jantokietan edukiontziak ipiniz birziklatzea landu dute, elikadura osasungarria sustatu dute, zuku naturaleko tailerrak egin dituzte, eta Zuhaitz Eguna ospatuz, adibidez, ingurumenak duen garrantzia ere nabarmendu dute, eta kutsadura akustikoa ahalik eta baxuena izatea sustatzeko, hezkuntza zentroetan sonometro batzuk jarri dituzte.

Era berean, hezkuntza zentro bakoitzak bere aldetik ere hainbat esparru landu ditu. Somorrostroren kasuan, ingurumenarekiko heziketa sustatzeko, eraztunak ipini dizkiete hegaztiei, eta hegaztiei euren migrazio ibilbidean trabarik egin behar ez zaiela ikasi dute ikasleek. Diagnostikatutako zarataren inguruko ikerketa proiektu bat burutu da, betiere konponbideak aurkituz, azoka osasungarri bat egin da, birziklatzea landu da, eta El Pobalerako bisita bat ere antolatu da.

Muskiz BHI zentroan, berriz, zentroko zaratari aurre egiteko eta zarata murrizteko tailerrak egin dira, ikasleentzako Vista Alegre baserrirako bisita bat antolatu da, zeinean ikasleek esneari buruzko informazioa jaso eta esneak dituen onurak ikasi dituzten, eta bukatzeko, zentro horretako DBHko ikasleek Barbadun ibaiko ura eta Arena hondartzako zilarra aztertu dituzte.

Cantarrana Eskolako ikasleek Babesten izeneko metodoa landu dute baratzean, eta kostaldeko baldintza desberdinak aztertu dituzte, besteak beste, ur laginak aztertuz eta fauna eta flora ikertuz. Eta bukatzeko, San Juan Bautista Ikastetxeko ikasleak inurrien munduan barneratu dira ikasturte honetan, inurritegi bat nola sortzen den ikasi dute, Orkatzen eskutik urari buruzko tailer bat burutu dute, gosari osasungarri desberdinak landu dituzte, eta eguzki labe ekologikoak ere sortu dituzte.

Emocionandog

Eskolako Agenda 21en barruan, ekimenarekin bat egin duten San Juan Bautista eta Cantarrana Eskola ikastetxeekin batera, heziketa bide desberdinak landu ditu Muskizko Udalak, betiere ingurumenak eskain ditzakeen baliabide eta aukerak aprobetxatuz. Kasu honetan, Academia Europarekin batera, Emocionandog izeneko proiektua landu da. Hezteko modu berezia da, zeinean terapiarako eta txikienen garapena bultzatzeko zakurrak erabiltzen diren, alderdi emozionalari dagokionez eta animaliekiko errespetuari dagokionez. Proiektuak emaitza oso positiboak izan ditu.

Zentro arteko 2019ko Foroa

Maiatzean, Gaztegunean, Eskolako Agenda 21eko zentro arteko foroa izan da, eta bertan, hezkuntza zentro guztien artean, udalerriko kutsadura akustikoa aztertu da eta zarata iturri desberdinak murrizteko konponbideak bilatu dira. Era berean, giro akustiko atsegineko eta kutsadura akustikoa duten udalerriko hainbat gunetako audio eta bideoak grabatu dira. Hauek dira aurkeztutako proposamenetako batzuk: auto elektrikoaren eta bizikletaren erabilera bultatzea; errepidearen alde banatan zarata isolatzeko panelak ipintzea; ikastetxeetan sirenen bolumena murriztea; errepideetako abiadura mugatzea; eta matrikula zenbaki bakoiti eta bikoitia duten ibilgailuak txandakatzea.

Bihotz birika suspertze eta desfibriladore tailerra

Bukatzeko, Eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan, ikasleentzako bihotz birika suspertze eta desfibriladore tailerrak ere egiten dira; eta azken 5 urte hauetan, orotara, 3.000 ikasle baino gehiagori eskaini ahal izan zaio prestakuntza alor horretan.

Eskolako Agenda 21 aldizkaria (PDF 9,7MB)