Albisteak

 

Maiatzaren 25ean, Muskizen, 19:00etan eta 21:00etan, elkartasunezko antzezlan bat hartuko du Meatzari Aretoak. Izan ere, Santurtziko Encrucijada antzerki taldeak “No lo veo y punto” lana taularatuko du eta biltzen den dirua Euskal Herriko Down Sindrome Elkartearekin lan egiteko erabiliko da. Ikuskizun hau erakusleiho paregabea da kolektibo hau gizarteratzeko egiten den ahalegina ikusarazteko, bai eta bertaratzen direnen barreak pizteko ere. Saio hauetarako prezio-donazioa 15 eurokoa izango da.

“No lo veo y punto” laguntasunari buruzko antzezlana da, zeinean konpainiaren barruan bizitako gorabeherak kontatzen diren, betiere umoretik. Saiakera kutsuko lan honetan, nerbioak ere agertuko dira eta ikus-entzuleek aise antzemango dute kezkak baino askoz gauza gehiago daudela airean.

Encrucijada antzerki taldea Santurtzin sortu zen, 1982an, eta urte guzti hauetan euren lanen bidez entzuleak gozaraztea lortu dute, betiere euren nortasuna galdu barik: elkartasuna. Hainbat lan sortu dituzte, besteak beste, “Jesucristo Superstar”, “El libro de la Selva” eta “El rey del merengue”. Aurreko urteetako euren antzerki musikalekiko berraurkitze moduko bat da “No lo veo y punto” euren azken proiektua.

Elkartasunaren alde

Inguruko hainbat elkarterekiko solidarioa izatea da, hain justu ere, Encrucijada antzerki taldearen ezaugarrietako bat. 2001ean, Fundación Gizakai eta bere “Proyecto Hombre” programari lagundu zion; 2005ean, Euskal Herriko Down Sindromeari; eta 2019an, berriz ere, azken elkarte honi emango dio biltzen duen diru guztia, euren lana aurrera eramaten laguntze aldera.