Albisteak

 

Malecon futbol zelaiko tribunako teilatua eraberritzeari ekingo dio Muskizko Udalak, eta horretarako, 35.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko da. Orain dagoen estalkiko xafla metalikoak kaltetuta daude, denboraren joanaren ondorioz, hori dela eta, Muskizko Udalak aldatu egingo ditu, haizeak eta eguraldi kaskarraren bestelako fenomenoek eragin ditzaketen arriskuak saiheste aldera.

Hori dela eta, xafla mehe berri bat instalatuko da, izan ere, eraikin irekia izanik, ez du isolamendurik izan behar, Eusko Jaurlaritzako Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Arloak emandako segurtasun gomendioei jarraiki. Berriztatze lan hauen epeak Juventud Deportiva Somorrostro taldearekin adostuko dira, nolanahi ere, futbol denboraldia bukatu eta gero, udako hilabeteetan, lanak abiarazi ahal izatea aurreikusi da.

Uda sasoian futbol zelaiko teilatua berritzeaz gain, azken urteotan, beste lan batzuk ere aurrera atera dira, Muskizko Malecon futbol zelaiko irisgarritasuna eta instalazioak hobetzeko asmoz. Esate baterako, belar artifiziala berritu da, belar naturaleko zelaiko ureztatzea aldatu da, futbol zelaietara sartzeko bideak hobetu dira, aldagelak eraberritu dira, eta horretaz gain, aldageletan segurtasun babesak eta erauzketa eta aireztapen sistemak instalatu dira.