Albisteak

 

Jarduera kulturalak, udalerriko auzoetako festak antolatzeaz arduratzen diren jai batzordeak eta kirol klubak diruz laguntzeko deialdia onartu du Muskizko Udaleko Gobernu Batzordeak. Hain justu ere, 2019. urterako, Muskizko Udalak, orotara, 133.000 euroko partida dauka helburu honi begira. 2019. urtean kultura eta kirol proiektu eta jarduerak garatu eta egiteak eragindako defizit ekonomikoa arintzea da diru laguntza hauen jomuga.

Kultura Sailak 75.000 euroko aurrekontua dauka, kirol egitarauak eta jarduerak laguntzeko;  urte osoko kirol programak laguntzeko, 49.000 euro bideratu dira; estatu mailako ligetan lehiatzen direnak babesteko 6.000 euroko aurrekontua dago; eta 20.000 euro, kirol proiektu eta ekintza puntualetarako. Laguntza hauek jaso ahal izateko, gutxienez, kirol talde hauetako kirolarien % 50 Muskizen erroldatuta egon beharko dira, deialdi honen data baino 12 hilabete lehenagotik, edo klubeko beheko mailetan aritutakoak izan beharko dira, gutxienez, duela 3 urtetik. Diruz lagundu ahal diren kontzeptuak honakoak dira: federazioko gastuak, mutuak, epaile lanak, sariak, joan-etorriak eta ostatuak, ekipamenduak, materialak, aseguruak, publizitatea, bulegoa, botikina eta lokal eta horniduretako mantentze lanak.

Kultura eta gazteriako programa eta jardueretarako, 38.000 euroko aurrekontua dago. Kopuru horretatik 21.000 euro urte osoko programetarako bideratuko dira; eta 17.000 euro, diruz lagundutako erakundeen proiektu eta jarduera jakinetarako. Honako alderdi hauek lagundu ahalko dira diruz: materialak, hornikuntza, kontratatutako zerbitzuak, aseguruak, publizitatea, bulegoa, botikina eta lokal eta horniduretako mantentze lanak.

Beste alde batetik, Muskizko auzoetako jaiak antolatzeko esparruari helduta, orotara, 20.000 euro daude, kontzertuak, ikuskizunak, soinuztapen lanak, materialak, hornikuntzak, zerbitzuak, publizitatea eta txosnak diruz laguntzeko.