Albisteak

 

Muskizko Udalarekin lankidetzan, Amarok klubak Muskiz Amarok Txakurtrail probako 2. edizioa antolatu du igande honetarako, hau da, martxoaren 3rako. Proba hau IV Euskadiko Txakurkros Ligarako puntuagarria izango da, eta gutxi gorabehera 8 kilometroko ibilbidea izango du. Proba Arkazietatik abiatuko da, udalerriko Ikastolatik, goizeko 10:30ean. Probaren ostean, 4 kilometroko herri lasterketa bat izango da, eta haurrentzako proba bat.

Ekimen honek kirolzaleak eta kirolzaleen zakurrak uztartuko ditu, eta jardunaldia 08:00etan hasiko da, izan ere, ordu horretan, probarako dortsalak banatu, albaitari kontrolak egin eta parte-hartzaileei probarako materiala emango zaie. Antolatzaileek gogorarazi nahi dutenez, parte hartzeko gutxienez urte 1 izan behar dute zakurrek, txipa jarrita eduki behar dute eta behar diren txertoak ere izan behar dituzte. 10:00etan informazio bilera izango da; eta 10:30ean, 8 kilometroko Txakurkrosa hasiko da. Aurten, ibilbide berria izango du lasterketak, parte hartzaileek udalerriko beste natura gune eder batzuk ezagutzeko. Amarok elkarteak 10:45ean erakusketa bat egingo du, eta 12:00etan 4 kilometroko luzera izango duen herri lasterketa abiatuko da. Handik gutxira, 12:45ean, haur lasterketa egingo da; eta bukatzeko, 13:00etan, sari banaketari ekingo zaio.

Era berean, ibilbide luzearen barruan jateko eta edateko gune bat egokituko da, korrikalarientzako eta zakurrentzako urez hornitua; nolanahi ere, antolatzaileek ibilbidea eta ordutegiak alda ditzakete, egoki irudituz gero.

Izen-ematea: Proba honetan parte hartzeko interesa duten horiek www.sportmaniacs.com webgunean eman ahal dute izena, martxoaren 1era arte (ostirala), eta martxoaren 3an bertan, irteera baino ordu bat lehenagora arte. Gehienez ere, 120 korrikalarik hartu ahalko dute parte. Lasterketa luzeraren prezioa 12 eurokoa da federatuentzat eta AMAROK klubeko kideentzat; eta 15 euro, federatuta ez daudenentzat. Proba egingo den egunean, 18 eurokoa da izen-ematea. Herri lasterketaren kasuan, 8 euro ordaindu behar dira, probaren eguna baino lehenago; eta 10 euro, egunean bertan. Izena ematen duten horiek Muskizko Ikastolaren ondoko gune batean jaso ahalko dituzte zenbakiak; eta eguraldi txarra eginez gero, Udal Pilotalekuan egingo da dortsal banaketa.

Kartela (PDF 130KB)