Albisteak

 

2018an, guztira, familia, adingabe eta gazteei bideratutako Gizarte Hezkuntzako Esku-hartze Zerbitzua (EISE) 42 familiari eta 48 adingaberi eskaini zien Muskizko Udalak; hortaz, handitu egin da artatuko familia kopurua, 2017. urtearekiko. Gizarte bazterketa egoerak atzematea, gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan dauden norbanakoak komunitatearen barruan garatu ahal izatea eta norbanako horiek komunitatean parte hartzea da programa honen oinarria.

Azken urteetan parte hartu duten sendien egoera ekonomikoa ez da askorik aldatu; gehienek Lanbideko edo Gizarte Zerbitzuetako laguntzak jasotzen dituzte. Enplegurik eta baliabide ekonomikorik ez edukitzea alderdi erabakigarriak dira gizarteratzerako prozesu horretan, eta familia horiek administrazioko laguntzen mende daude, euren beharrak asetuko dituzten baliabideak erdietsi ahal izateko. Hori horrela izanik, EISEk aurrera ateratzen duen lanaren zati bat euren beharrak asetzeko baliabideak kudeatzean eta aurkitzean datza, eta horretarako, plan pertsonalizatuak bideratzen dira, betiere gizarte zerbitzuekin elkarlanean.

2018. urtean, Gizarte Hezkuntzako Esku-hartze taldeak, guztira, 42 familiari eskaini zien laguntza; 2017. urtean, berriz, 39 sendiri eskaini zitzaien zerbitzua. Adingabeei erreparatuta, 2018. urtean, 44 adingaberi (26 mutil eta 18 neska) lagundu ahal izan zitzaien, 2017an baino 12 gutxiago. Familia horietako gehienetan gurasoek ez dituzte euren beharrak egoki betetzen, eta egoera babesgabean egoteko arrisku txikia edo ertaina daukate. Hori dela eta, zabalik dauden familietako esku-hartze kopurua mantentzen da aurreko urtearekiko ( 11, 2017an; eta 11, 2018an). Horretaz gain, euren ardurapean adingaberik ez duten hezkuntzako esku-hartzeak handitu egin ziren aurreko urtean (8, 2015ean; 6, 2016an; 7, 2017an; eta 13, 2018an). Adingabeei egindako esku-hartze indibidualen kasuan, guztira, 4 izan ziren; eta 2018an aurrera ateratako 4 esku-hartze horietatik, 2 zabalik daude oraindik, eta 2 dagoeneko itxita daude.

Komeni da aipatzea artatutako pertsona gehienek bazterketa sufritzeko profil larria dutela: bakardade egoera larriak, etxebizitza eskasak edo etxebizitza falta, sare sozial falta, eta kasu batzuetan, ahalmen urritasuna. Horrek guztiak laguntza lan handia eskatzen du. Zerbitzua jaso dutenen jatorriari dagokionez, gehienak Bizkaitik datoz (% 74), hain justu ere, gure eskualdetik, eta artatutako familien artean, arabiar herrietatik eta Afrikatik datozenen kopurua jaitsi egin da aurreko urtearekiko.

Jarduera komunitarioak

Helduentzat eta familientzat egindako familien talde ekintzei helduta, 2018an, orotara, 122 pertsonak hartu zuten parte programatu diren 7 jardueretan. Horixe da Muskizko EISEren alderdi sendo eta adierazgarri bat. Beste alde batetik, gazteenentzat bideratutako talde programa egonkorren kasuan, “Gazte Tailerrak” nabarmentzen dira, eta kasu horretan ere aurreko urtean baino adingabe gehiagok hartu zuten parte aurrera ateratako tailerren bidez. Horretaz gain, 2017an abiarazitako Ekin eta Eraiki programa mantendu da, hezkuntza zentroetatik adingabeak kanporatu eta zigortzen dituzten kasuetan, egoera horien aurrean, adingabe horiek komunitateari alternatibak eskaini ahal izateko. 2018. urtean, orotara, 4 adingabek erabili ahal izan zuten Ekin eta Eraiki izeneko zerbitzua.

Urteko programaren lizitazioa

EISEko urteko programako lizitazioa atera du Muskizko Udalak, 2019. urtean zehar, zerbitzuaren programazioa osoa aurrera ateratzeko (jarduerak, ekintzak…). Lizitazioaren zenbateko osoa 6.924 eurokoa da.