Albisteak

 

Muskizko Udala, Gizarte Ekintza Sailaren bidez, udalerrian eskaintzen diren eta auzotarren eskura dauden zerbitzu guztiak bildu ditu gida batean. Adin guztietako pertsonen berdintasunean eta parekidetasunean, sexu dibertsitatean, kulturartekotasunean, irisgarritasunean eta komunitatearen parte hartzean oinarrituta, meatzaldeko udalerri honetako pertsona guzti-guztiak gizarteratzea du helburu Muskizko Udalak.

Gida berri honi esker, udalerriko bizilagun guztiengana informazioa helaraztea da jomuga, herritarrek informazioaren berri izateko eta informazio hori erabiltzeko. Horretaz gain, Muskiz Lagunkoia proiektuko helburuetako bat ere bada. Muskizko Udalak hainbat hilabetez lan egin du katalogo hau sortzen, eta arreta bereziz zaindu da koordinazio lana, arlo honetako zerbitzuetako benetako mamia islatu ahal izateko. Benetako edukia biltzeaz gain, gizarte zerbitzuekin lotura zuzenik ez duten herritarrentzat atseginez irakurtzeko moduko informazio erraza eta ulergarria eskaintzea izan da lan-ildo nagusia.

Muskizko Udaleko Gizarte Zerbitzuak zeharo adierazgarriak dira, eta Gizarte Ekintza Saila argi nabarmentzen da giza-talde babesgabeenak babesten dituelako, bazterketa egoerak saihestuz eta norbanakoen autonomia sustatuz. Hortik aparte, gida honek ondo jasotzen duenez, hamaika programa ditu Udalak, haurrentzat, gazteentzat, helduentzat eta nagusientzat. Hortaz, Udaleko Gizarte Zerbitzuek, era batera edo bestera, udalerriko gizarte sarea osatzen duten bizilagun guztiei laguntzen diete, era batera edo bestera.

Ildo beretik, Gizarte Zerbitzuek euren langileak dauzkate, bai eta hainbat alorretan espezializatutako enpresa sarea ere (emakumeak, gizarte inklusioa, pertsona nagusiak, eta autonomiaren sustapena). Era berean, disziplina askotarako langileak ere badaude, esaterako, gizarte langileak, erizaina, gizarte laguntzailea, gizarte hezitzailea, psikologoak, abokatuak, etxez etxeko, geriatriako, kolektibitateetako eta garraioko laguntzaileak, sukaldariak, gidariak, animazio sozio-kulturalerako eta pertsona nagusien jardueretako terapia okupazionaletarako teknikariak, mantentze-lanetarako langileak eta atezaintza.

Eskaintzen diren zerbitzuak

Aste honetan buzoneatuko den gidan honetan, beharrezko informazio osoa aurkitu ahalko dute auzotarrek, bai eta bizilagunen eskura dauden zerbitzu guztiak ere, alegia: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, horrelakorik behar duten bizilagun guztientzako laguntza eta zerbitzuak eskaintzen dituena, besteak beste, sustapena, prebentzioa, harrera eta koordinazioa, egoera desberdinen aurrean; Orientazio eta Harrera Psikosozialeko Zerbitzua; Zainduz; Ikasgune; Adikzioak Prebenitzeko Zerbitzua; Pertsona Nagusientzako Jantokia; Aisialdi eta Familientzako Atseden Zentroa; Pertsona Nagusientzako Ekintza Komunitarioetako Zerbitzua; Autonomia Sustatzeko Zerbitzua; Etxebizitzetako Suteak Prebenitzeko Udal Zerbitzua; Pertsona Nagusien Udal Behatokia; eskailera mugikorrez hornitutako Garraio Egokituko Zerbitzua; Gizarte eta Heziketako Esku-hartze Zerbitzua (EISE), Berdintasun Zerbitzua, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Sexu Heziketako Udal Plana; doako Lege Orientazioko Udal Zerbitzua; Talleres Gallarreta Meatzaldeko Eskualderako tailerra; eta Garapenean Laguntzeko Zerbitzua, zeinean Alkamar, Medicus Mundi Bizkaia eta Alez Ale elkarteekin lan egiten den, Euskal Fondoarekin hitzarmena izateaz gainera.

Horretaz gain, gida honetan, auzotarren intereseko beharrezko telefono eta helbide guztiak aurkitu ahal dira, bai eta webguneak ere, zerbitzu hauei buruzko argibide gehiago eskuratu ahal izateko.

Muskiz, Hiri Lagunkoia

2018ko maiatzaren 10ean izandako plenoan, Europako Pertsona Nagusiekiko Hiri eta Komunitate Lagunkoiei buruzko 2013ko Dublineko Adierazpenarekin bat egin zuen Muskizek, eta horrela, pauso bat gehiago eman zen, Udaleko eta Komunitateko esparru desberdinak koordinatzeko eta Muskiz Lagunkoia eraikitzen hasteko. Era berean, elkarbizitza eta gizarteratzea hobetzeko Europako proiektu batean ere parte hartzen du Udalak, eta arlo honi buruzko Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko ekimenekin ere bat egin du Muskizko Udalak.