Albisteak

 

Berrikuntza modura, aurtengoan, muskiztarrek hartuko dute parte 2019. urteko San Juan jaiak girotuko dituen kontzertua aukeratzerakoan. Horretarako, prozesu bat abiaraziko da, Udal webgunearen bitartez, eta bozkatu ahal izateko, 15 urte baino gehiago izan behar dira eta meatzaldeko udalerrian erroldatuta egon behar da. Hori horrela, herritarren parte hartzea bultzatuz eta herri bozketa bat antolatuz, jaietako kontzertua guztion artean aukeratzea da Muskizko Udalaren helburua.

2018. urteko jaien balorazioan, ohi bezala, elkarteek, herritarrek norbanako gisara eta saileko teknikariak hartu zuten parte, eta balorazio horretan egindako proposamen bati jarraiki prozesu hau ipiniko da abian, hain justu ere, abenduaren 20an. Egun horretan, Udaleko webgunean esteka bat ipiniko da, kontzerturako aurreko balizko taldeen zerrendara sartzeko. Data horietan zerrendan ez dauden beste talde batzuetarako proposamenak ere egin ahalko dira, eta behin betiko zerrendan gehitu ahalko dira, betiere kontzerturako bideratutako aurrekontuaren barruan baldin badaude. Kontzerturako ekarpenak egiteko gaztebulegoa@muskiz.com helbidera idatzi behar da edo Gaztegunera bertaratu. Fase hau urtarrilaren 3ra arte egingo da, eta egun horretan behin betiko zerrenda jakinaraziko da.

Urtarrilaren 7tik 11ra, lehenengo bozketa egingo da, eta horretarako, NAN, izena eta bi abizen eman beharko dira. Parte hartzaile bakoitzak 4 talde aukeratu beharko ditu, zerrendan dauden guztien artean. Interneterako sarbiderik ez duten horiek Gaztegunetik eman ahalko dute botoa, bai eta horretarako laguntza jaso ere, behar izanez gero. Urtarrilaren 15ean, asteartean, boto gehien bildu dituzten 5 taldeen izenak argitaratuko dira Udaleko webgunean eta sare sozialetan.

Urtarrilaren 21etik 25era, berriz, bigarren bozketa egingo da. Bigarren botazio honetan, parte hartzaile bakoitzak 1etik 5era baloratu beharko ditu aukeratutako 5 taldeetako bakoitza, eta boto gehien eskuratzen dituen taldea aukeratuko da. Baldin eta aukeratutako lehenengo talde horrek ezingo balu, bigarrenera igaroko ginateke, eta horrela hurrenez hurren. Behin betiko hautaketa urtarrilaren 29an argitaratuko da.

Kartela (PDF 538KB)