Albisteak

 

Abenduan, hainbat jarduera ludiko eta kulturalez gozatu ahalko dute adin guztietako muskiztarrek, batik bat, Gabonetako egunetan, izan ere, besteak beste, hamaika ekintza antolatu dira 3 urtetik 18 urtera arteko haur eta gazteentzat, bai eta Barakaldoko BECeko GHP bisitatzeko txango bat ere. Helduentzako planik ere ez da faltako egun berezi hauetan, Melloko igoera eta Meatzari Aretoko ohiko musika eta zine emanaldiak ere izango baitira.

Aurten ere, Muskizko Donibane pilotalekuan, Muskizko Udalak antolatutako Gabonetako Haur Parkea izango da, hiru egunetan, haur guztien gozagarri. Txikientzako jolasak, musika, ludotekak, puzgarriak eta tailerretarako guneak izango dira, abenduaren 26tik (asteazkena), abenduaren 28ra (ostirala), biak barne, 11:00etatik 14:00etara; eta 17:00etatik 20:30era.

Oraingo honetan, Gabonetako Haur Parkearen barruan, ekitaldi berezi hauek antolatu ditu Muskizko Udalak: Txoborro Magoaren ekitaldia, asteazkenean, 26an; haur dantzaldi bat, ostegunean, 27an; eta diskofesta bat, ostiralean, 28an. Ekitaldi hauek guztiak arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo dira.

Abenduaren 19an, asteazkenean, Cantarrana Eskolak Santo Tomas bezperako jaia egingo du, 17:00etatik aurrera; abenduaren 21ean, eguerdiko 12:00etan, Muskizko Eguneko Zentroak “Jaiotza biziduna” eta bertan izango dira eskola umeak, Muskizko Txikiteroak eta Jarraitzen Dugu; arratsaldean, berriz, 19:30ean, “Trueba, Enkarterriko Olerkaria” delakoaren txanda izango da. Muskizko Emakumeen Elkarteak Gabonetako Gala ospatuko du, abenduaren 22an (larunbata), Meatzari Aretoan, 18:30etik aurrera.

Gaztegunea

Muskizko Gazteguneak 12 eta 17 urte arteko gazteentzako ekintzak bilduko ditu, adibidez, Errealitate Birtualarekin lotutako jarduera bat eta Robotika Tailerra. Abenduaren 22an eta 29an, haur puzgarrien festak izango dira Muskizko Udal Kiroldegiko Igerilekuetan (6-12 urte). Ildo beretik, abenduan eta urtarrilean aurrera jarraituko du herriko ohiko zinema egitarauak.

Aurtengoan, Barakaldoko Gabonetako Haur Parkera joateko txango bat antolatu dute Gazteguneko arduradunek, hain justu ere, urtarrilaren 3an, ostegunean, goizeko 10:00etatik aurrera. Interesa daukaten horiek izena eman beharko dute, abenduaren 27aren aurretik, eta 5 eurokoa da txangoaren prezioa. Ildo beretik, diskofesta bat ere izango da espreski nerabeentzako, bai eta beste hainbat ekitaldi ere. Nerabeentzako diskofesta abenduaren 21ean izango da, 18:00etatik aurrera, Meatzari plazan.

Ongi etorriak

Ohiturei jarraiki eta etxeko txikien gozagarri, Olentzerok Muskizko kaleak zeharkatuko ditu abenduaren 24an. Herriko kalejira arratsaldeko 17:00etan abiatuko da; eta Meatzari plazan bukatuko da. Plazan umeekin hitz egin eta umeen gutunak jasoko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik.

Beste alde batetik, ohi bezala, urtarrilaren 5ean, Errege Kabalgata ospatuko da Muskizen. Jaitsiera arratsaldeko 18:30ean, San Martineko BMtik ateratzea aurreikusi da; eta ibilbidea bukatutakoan, beti bezala, haurren gutunak jaso eta haurrekin egongo dira erregeak.

Musikazaleentzako eta kirolzaleentzako ekintzak

Musika gustuko dutenek ere lekua izango dute Gabonetako Egitarauan. Abenduaren 15ean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua izango da, 19:30ean, Muskizko Meatzari Aretoan. Sarrerak 5 euroan ipini dira. Abenduaren 21ean, berriz, Oihartzuna bertako abesbatza taldearen txanda izango da. Herriko koruak arratsaldeko 17:30ean eskainiko du emanaldia, Marcelo Gangoiti Zahar Etxean. Abenduaren 23an, “Olentzeroren bidaia zoragarriak” izeneko antzezlana izango da, haurrentzat, eguerdiko 12:00etan, eta sarrerak 3 euroan jarri dira. Musika saioekin bukatzeko, ostegunean, abenduak 27, Txistu eta Kantu Kontzertu Aktiboa izango da, Jarraitzen Dugu Taldearen eta Muskizko Txikiteroen eskutik, udalerriko Eguneko Zentroan eta Marcelo Gangoiti Zahar Etxean.

Bukatzeko, kirolzaleek ere kirola eginez amaitu ahalko dute urtea, abenduaren 31n, XII. Melloko Herri Igoera izango baita. Ibilaldia goizeko 09:00etan aterako da, Kultur Etxetik, eta gailurretik 12:00etan jaistea aurreikusi da. Gutxi gorabehera, bi orduko ibilbidea da, eta parte hartzaileak, Castaños, La Campa, El Somo, Posadero Txikito, Fuente Fría eta Los Ilsos inguruak zeharkatuko dituzte 633 metroko altueran izanik Muskizko gailur altuena den gunera iritsi aurretik.

Egitaraua (PDF 2,3MB)

Haur antzerkia (PDF 197KB)

GHP (PDF 279KB)