Albisteak

 

Aste honetan, Muskizko Ikastolako kirol pistetako batean estalki bat eraikitzeko lanak abiatu dira. Lan hauen bitartez, Muskizko Ikastolako eskaerei erantzun bat emango die Muskizko Udalak, eskola umeek jolaserako, aisialdirako eta beste ekintza askotarako gune bat izan dezaten, eguraldi txarretik babestuta. Hortik aparte, aisialdirako gune bat gehiago ere izango dute herritarrek, izan ere, eskola orduetatik kanpo ere, hainbat ekimen bideratu ahalko dira bertan. Hortaz, erabilera bikoitzeko esparrua izango da. 

Dagoeneko hasi dira, orotara, 1.325 m2-ko azalera izango duen estalkia eraikitzeko lanak, eta sektoreka banatu da Ikastola, obretako guneak bereizteko eta eskola umeen eta ikastolako langileen segurtasuna bermatzeko. Ildo beretik, Gabonetako oporretatik hurbil egingo dira zimendatze-lanak eta pisu gehien duten beharrak.

Egitura metalikoa Muskizko Ikastolara urtarrilaren 8an iristea espero da, eta egitura metaliko hori muntatzeko lanak otsailaren azken astean bukatzea aurreikusi da. Egin beharreko lan guzti-guztiak Muskizko Udalaren, Muskizko Ikastolaren, eraikuntza enpresaren eta obretako zuzendaritzaren artean koordinatzen ari dira uneoro, horrela, hezkuntza zentroan ahalik eta traba gutxien eragiteko.

Gogora dezagun Muskizko Ikastolako orain arteko arkitektura ildoarekin bat etorriko dela ipiniko den estalkiaren egitura, eta horretaz gain, argiztatze propioa izango du, epe luzerako eraginkortasuna lehenetsiko da, eta eraikuntza iraunkor bat izango da. Jarriko den egitura metalikoak sandwich paneleko estalki bati eutsiko dio. Estalkia xafla metalikoa da, % 15ean polikarbonato zeharrargia da, eta argia iragazten duten fatxada itxierak izango ditu, horrela, eguzki izpi zuzenetatik babestuta egongo da gunea.