Albisteak

 

Asteburu honetan, Zakur Detektatzaileen Ligako laugarren eta azken kopa jokatuko da Muskizen, eta estatu osoko 40 klub inguru elkartuko dira. Jaenetik, Cordobatik, Gironatik, Salamancatik eta beste hainbat lekutatik etorritako klubek Espainiako Txapelketako postuak banatuko dituzte. Ekitaldi hau Amarok Educación Canina izeneko klubak antolatu du, Muskizko Udalarekin elkarlanean. San Juan zelaian dauden pilotalekuetan, larunbatean, goizeko 09:00etatik arratsaldeko 19:00etara, eta igandean, 09:00etatik 13:30era, adin tarte guztietarako ikuskizun bat eskainiko da, eta bertaratzen diren guzti horiek, besteak beste, gune tematiko desberdinetan lanean ikusi ahalko dituzte zakurrak.

Zailtasun desberdina izango duten hiru proba izango ditu lehiaketak, adibidez, testuinguru desberdinetan, zakurrek salbia olio esentzial tanta bat aurkitzea (ibilgailuetan, geletan…). Ariketa horretan, aurkitu beharreko substantzia kantitatea aldatu egingo da fase batetik bestera. Ildo beretik, proba horretako mailarik zailenean, zakurrek hiru substantzia atzeman beharko dituzte, janaria, jostailuak eta gisa horretako distrazioak gaindituz.

Era berean, lehiaketa ikusgarri honekin batera, Jorge Hernández Segurola Amarok klubeko zuzendariak artzaintza erakustaldi bat eskainiko du, eta gaitasun eta obedientzia lehiaketa bat ere izango da.

Elkartasunezko azoka txikia

Ekitaldi honek ongintzarako tartea ere izango du, izan ere, elkartasunezko azoka txiki bat izango da, eta 3 saski zozkatuko dira, APA SOS Bilbao eta 1 de los Nuestros animaliak babesteko elkarteen eskutik.

Kartela (PDF 89KB)