Albisteak

 

Euskaraldian eta abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko egunarekin lotutako jardueretan murgilduta dago Muskiz. Adin tarte guztiei begira antolatutako askotariko jarduerak egiten ari dira Muskizen, besteak beste, hezkuntza zentroetako ikasleentzako antzezlana, jolasak, ipuin-kontaketa, Arkaitz Estiballesen eta Maddalen Arzallusen Bertso Afaria, Mararen kontzertua eta Pico Ramoseko mendi martxa.

Azaroaren 22tik aurrera, hainbat ekintza antolatzen ari dira Muskizen, baina abenduaren 3ra arte euskaran murgilduta egongo da Muskiz. Gaur, azaroak 28, txikienek “Miru” izeneko ipuin-kontaketa izango dute, 17:30ean, Udal Liburutegian. Bihar, azaroak 29, Errementari filma eskainiko da Kultur Etxeko M Aretoan, goizeko 10:00etan. Azaroaren 30a, egun bete-betea izango da, izan ere, goizeko 10:00etan, “Futbolariak eta Printzesak” izeneko antzezlana eskainiko da Meatzari Aretoan, hezkuntza zentroetako ikasleentzat; arratsaldez, 20:30ean, Marak kontzertua eskainiko du Meatzari plazan; eta eguna bukatzeko, ohiko bertso afaria izango da, Arkaitz Estiballes eta Maddalen Arzallus bertsolarien eskutik. Afarirako tiketak Gaztegunean eskura daitezke 15 euroren truke.

Larunbatean, abenduaren 1ean, 12:30ean, kalejira bat egingo da herriko kaleetan zehar; eta arratsaldean haurrentzako jolasak eskainiko dira Meatzari plazan. Igandean, Pico Ramoseko mendi martxaren txanda iritsiko da. Ibiltariak 10:00etan aterako dira, Meatzari plazatik, eta bukatu eta gero, hamaiketakoa egingo da Ortze Tabernan. Euskararen astea abenduaren 3an amaituko da, hain justu ere, Mintzodromo batekin. Euskararen asteko Mintzodromoa Gaztegunean izango da, 10:30ean eta 17:30ean.

Kartela (PDF 118KB)