Albisteak

 

Meatzaldeko merkataritzaren festak aurpegi berria erakutsiko du, izan ere, sektore honetako gala bilakatuko da abenduaren 2an, Trapagarango Udal Kiroldegian, 18:30etik aurrera. Elkartasun kutsuko hitzordua dugu, izan ere, biltzen den diru guztia “La cuadri del hospi” delakora bideratuko da, zehazki, Gurutzetako ospitaletik hurbil, minbizia duten haurrentzako gune berri bat egokitzeko proiekturako.

Gala honetara etorri nahi dutenek 3,50 euroan salduko diren sarrerak eskuratu beharko dituzte, eta horretaz gain, 0 lerroa ere izango da, galara etorri ez baina ekarpen bat egin nahi duten horiei begira. Muskizko udalerriaren kasuan, hainbat saltokitan erosi ahalko dira sarrerak, besteak beste, Olga Díaz ileapaindegian, Floristería Decoración Ideas deitutakoan eta Azucena tabako dendan.

Gala honetan musika ikuskizunak ere izango dira: Kirua, Amaia Music, Abeslariak & Patxi Galarraga, Biofussion Dance… Eta horretaz gain, 16:30etik aurrera, La Escontrilla Eskola Publikoan, haur parke bat ipiniko da, etxeko txikienek tailerrez eta mota bateko eta besteko jolasez gozatzeko. Era berean, gala ospatuko den gunean bertan, txokolatea eta bizkotxoak ere dastatu ahalko dira, euro bat emanda. Hortik aparte, hainbat zozketa egingo dira, festara etortzen diren guztien artean.

Bertako merkataritza nabarmentzea

Duela 4 urte jaio zen Meatzaljaia, Meatzaldeko merkataritza eskaintza sustatzeko eta azpimarratzeko, hain justu ere, eskualdea osatzen duten udalerrietako merkatarien elkarteen eskutik. Oraingo honetan, ohiko hitzorduari aurpegia berritu eta elkartasunezko gala bihurtu dute merkataritza eskaintzaren erakusleihoa.

Liburuxka (PDF 116KB)