Albisteak

 

Guztira, 157.000 euroko aurrekontua erabiliz, La Glorieta egokitzeari eta hango ingurumena leheneratzeari ekingo dio Muskizko Udalak. Alde batetik, norabide berean aurretik egin diren ekintzak; eta bestetik, gutxi gorabehera 27.100 metro koadroko zabalera daukan kokaleku hau dela eta auzotarrek dauzkaten kezka eta interesak biltzeko Muskizko Udalak abiarazi zuen herritarren parte hartze prozesua dira proiektu honen abiapuntuak.

2015. urteko La Glorietako sutea gertatu zenetik urte batzuk igaro diren honetan, gaur egun, inguruko basoetako ezaugarri diren milaka eta milaka landare daude inguru honetan. Hori horrela izanik, Muskizko udalerriko biodibertsitatea handitzea, bizi-kalitatea kaltetzen duten espezie exotikoen inbasioak saihestea, fauna eta flora bultzatzea, suteak ekiditea, eta oinezkoei paseatzeko eta naturarekin harremana izateko erabilera publikoko gune bat eskaintzea dira ekimen honek biltzen dituen proposamenak.

Gune honetako sarrerari helduta, hainbat ekintza egingo dira, oinezkoek erabil ditzaketen hiru bideak identifikatu ahal izateko. Horrela, aparkalekuaren ondoan dagoen sarbide nagusian ibilbideak erakusten dituen ohol bat jarriko da. Bide eta bidexka sarean, berriz, hainbat egokitze-lan eramango dira aurrera, esaterako, garbiketa orokorra eta sasiak kentzea, seinaleztatzea, ura bideratzeko elementuak eta hiri-altzariak kokatzea (paperontziak, bankuak… ). Horretaz gain, gailurra nabarmenduko da, eta 56 ale dauzkan arboretoa egokituko da, orain dauden espezie desberdinak erakusteko eta beste batzuk gehiago landatzeko.

Segurtasun lerroa

Birlandatzearekin batera, segurtasun lerroa da ekimen honetako alderdi garrantzitsuetako bat, besteak beste, inguratzen duten etxebizitzak direla eta. Beraz, gas biltegietako gunearen ondoan sasi-kentze sakona egingo da, 10 metroko lerro bat sortu ahal izateko. La Glorietatik behera, Arkazieta kalean, Muskizko hiriguneraino ailegatzen da natura gune hau, hori dela eta, bi guneak batzen diren leku horretan hesiak jarri eta zuhaixkak landatuko dira.