Albisteak

 

Orotara, Bizkaian, Bizkaibuseko hamazazpi markesina ipiniko dira, eta lehenengoa gaur goizean instalatu da Muskizen. Ekitaldi honetara, besteak beste, Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Foru Diputatua eta Borja Liaño udalerriko alkatea bertaratu dira. Honenbestez, El Cruceron zegoen markesina ordezkatu da, hau da, udalerrian egunero-egunero bidaiari gehien biltzen dituen geltokietako bat.

Muskizen instalatu berri den markesina berri eta esklusibo honek 1,5 metroko luzera duten hiru modulu dauzka, orain arte egon direnak baino gardenagoa da, inguruan eta barruan gertatzen dena ikusi ahal izateko, eta diseinu moderno eta gaurkotuagoa dauka. Horretaz gain, azken muturreraino zaintzen du argiztatzea, arriskutsua izan daitekeen itzal gunerik edo “gune beltzik” ez sortzeko.

Markesina mota honek, gainera, berrikuntzak ere badauzka, besteren artean, dimentsio gehiagoko babes iskiatiko bat, albo batean ainguratuta, eta gurpildun aulkientzako gune seinaleztatu bat; bankuek, gainera, beso-euskarriak dauzkate, erabiltzen dituztenen erosotasunerako.

Nabarmendu beharreko beste alderdi batzuk ere badauzka markesina berriak, izan ere, ingurumenarekiko adeitsuagoak dira markesina hauek, ehuneko ehunean birziklagarriak diren materialez eginda baitaude eta kontsumo gutxiko led motako lanparak baitauzkate. Bukatzeko, ura husteko sistema ere hobetu da, metalezko egituran sartuta dagoela eta oharkabean pasatzen den erreten baten bitartez.