Albisteak

 

Urteurreneko ospakizunetan murgilduta daude Udal Liburutegian. 10 urte igaro dira azkenengo berrikuntza lanetatik; eta bertako ekintzen aukera zabala eta liburutegiko jarduteko modua dela eta, puntako udal zerbitzuetako bat bihurtu da liburutegia. Urteurren honen harira, liburutegian ekintza ugari aterako dira aurrera, interesa duten erabiltzaile guztiak hurbil daitezen eta liburutegia ikasteko gunea bakarrik delako estereotipoa gaindi dezaten, izan ere, belaunaldi desberdinen arteko topalekua ere bada Muskizko liburutegia.

Urtemuga dela eta, hurrengo hilabeteetan jarduera ugari egingo dira, liburutegia muskiztarrengana eta herrikoak ez direnengana gehiago hurbiltzeko. Urriaren hasieran, El Pobaleko Burdinolan, udalerriko leku enblematiko honetan, jardunaldi bat antolatu zen, eta bertan liburutegiarekiko zer nolako harremana duten eta eurentzako liburutegia zer den azaldu zuten erabiltzaileek. Urriaren azken aste hauetan eta hurrengo hilabeteetan, helduentzako ipuin kontaketa bat, haurrentzako saioak eta askotariko erakusketak aurreikusi dira.

Urriaren 23an, arratsaldeko 18:30ean, helduentzako ipuin kontaketa bat egingo da; 24an, 11:30ean, Eguneko Zentroko eta Marcelo Gangoiti Egoitzako kideentzako beste ipuin kontaketa bat egingo da. Jardunaldi berezi honetan herriko nagusiak izango dira protagonistak, herriko belaunaldi desberdinen arteko topalekua den Udal Liburutegian. Txikienek ere jarduera askotaz eta gisa horretako hainbat saioez gozatu ahalko dute, hamargarren urteurren honen barruan, baina jarduera horietako datak zehaztu gabe daude oraindik.

Erakusketak

Ospakizun hauen barruan, adin tarte guztientzako erakusketak ere izango dira Muskizko Udal Liburutegian. Urriaren 12tik urriaren 23ra bitartean, “Puntu Lila” izeneko erakusketa eskainiko da, Muskizko Emakumeen Elkartearekin elkarlanean; azaroan, berriz, beste erakusketa bat ikusi ahalko da Muskizko Udal Liburutegian, kasu honetan, azaroko erakusketa hori Muskizko Udaleko Berdintasun Sailarekin batera aterako da aurrera; eta bukatzeko, abenduan, Trueba Kultur Elkarteko kideek “Antonio Truebaren Bigarren urtemuga” izeneko hitzaldi erakusketa eskainiko dute.