Albisteak

 

Euskaraldiarekin bat egin du Muskizek. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimena da Euskaraldia, eta 11 egunetan zehar euskarari bultzada berezia ematea da proiektu honen helburu nagusia. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskara protagonista nagusia izango da meatzaldeko udalerri honetan. Auzotar guzti-guztien parte hartzea bilatzen du Muskizko Udalak, kaleetan, saltokietan, lan munduan eta abarretan euskararen erabilera sustatzeko. Hori dinamizatzeko asmoz, hainbat ekintza egingo dira Muskizen bertan eta meatzaldeko gainerako herri guztietan.

Ekimen honekin bat egin nahi duten herritar guztiek izena eman dezakete http://www.muskizeuskaratu.eus/ helbidean, euskaldunak aktibatzeko eta udalerrian eta udalerritik kanpo euskara gehiago egiteko. Euskaraldiko hamaika egun horietan zehar, “Ahobizi” eta “Belarriprest” izango diren pertsonak egongo dira. “Ahobizi” delakoek euskaraz egingo dute pertsona guztiekin, besteek beste hizkuntza batean erantzun arren. “Belarriprest” deitutakoek, berriz, eurei euskaraz egiteko eskatuko diete besteei, eurek euskaraz ez erantzun arren. Horren harira, Euskaraldian parte hartzeko nahikoa da 16 urte baino gehiago izatea eta parte hartzeko gogoa izatea.

Proiektu hau hobeto ezagutzeko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko, urrian eta azaroan, hainbat jarduera, tailer eta zozketa egingo dira, bai eta mota bateko eta besteko ekintza ugari ere, Muskizen eta meatzaldean, betiere eskualdeko beste herriekin elkarlanean. Hilabete honetan bertan, urriaren 19an, 18:00etan, “Jon Braun” izeneko haurrentzako antzezlana izango da, Muskizko Meatzari Aretoan, eta egun berean, hots, urriaren 19an, 19:00ak aldera, Muskizko Hamaikakoa aurkeztuko da, Muskizko Meatzari plazan. Beste alde batetik, aurrerago, Mosaiko bat egingo da Meatzaldeko beste herriekin batera.