Albisteak

 

Muskizko Udaleko arduradunentzat aski ezagunak dira Itsaslur pasealekuko gune zehatz bateko lur biziek eragiten dituzten arazoak. Oraindik amaitu gabe dagoen ikerketak argitu duenez, kaltetuta dauden 200 metro pasatxo horietan lur jausiak izateko arriskua dago, hortaz, ezpondak finkatu behar dira. Lan hauen zenbatekoa, hasiera batean, 200.000 eurokoa da, eta Muskizko Udala finantzazioa bilatzen ari da, ingurumen eta turismo balio handia duen bide honetako lanei ekin ahal izateko.

Hobekuntza hauek egiteko abiarazi den ikerketaren azken emaitzak ezagutu arte, Muskizko Udalak itxita mantenduko du Itsaslur pasealekua, eta inguru honetan paseatu nahi dutenei bide alternatibotik joateko eskatzen die, une honetan Itsaslur pasealekua arriskutsua izan daitekeelako. Bide alternatibo hori Muskizko Udaleko webgunean adierazita dago, eta Kobaronetik edo Pobeñatik egiten da, Campomar/ Las Pozas izeneko auzoraino igota.

Gogoratu behar da balio turistiko handiko gune bihurtu dela Itsaslur pasealekua Muskizko udalerrirako, naturari dagokionez balio handia duelako, eta Donejakue bideko zati bat delako. Horretaz gain, interes handiko bide naturala ere bada. Aurten Kobaron eta El Pobaleko burdinola uztartuko dira, 12 kilometroko ibai pasealeku baten bidez.

Mapa (PDF 1,2MB)