Albisteak

 

XII. Ehiza, Arrantza eta Natura Azokan parte hartuko du Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak, eta aurreko urteetan bezalaxe, irailaren amaiera aldera izango da udalerriko azoka hau. Aurten ere, azoka honen barruan parte hartuko du Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak, hirugarren urtez jarraian, eta horretarako askotariko ekintzak aterako ditu aurrera, besteak beste, Txakolin Eguna, ibai pasealekuko familia martxa, San Juanetik El Pobaleraino, joan eta etorri, eta itotze eta bihotz-biriketako bizkortze tailerrak, Muskizko Babes Zibilaren eskutik.

Irailaren 22an izango da aurtengo Nekazaritza, Arrantza eta Natura Azoka, larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera, ohi bezala, Muskizko San Juan plazan. Arraintxori Arrantza eta Ehiza Kluba da ekitaldi honen antolatzailea, eta aurtengo ediziorako azokako arduradunek helduentzako ekintzak bakarrik ez, haurrentzako tailerrak ere sartu dituzte egitarauaren barruan, horrela, egunean zehar mota bateko eta besteko ekintzak izango dira hurbiltzen diren guztien gozagarri.

Ingurumeneko ekintzak

Ingurumen Sailari dagokionez, legealdi honetako helburuei jarraiki, Ingurumen Azokan parte hartzen jarraituko du, iraunkortasunaren inguruan eta ingurumen praktika onen inguruan herritarrak kontzientziatzeko asmoz. Hori horrela, Muskizko Udaleko Ingurumen Saileko karparen barruan, txikienentzako tailer ugari izango dira, besteak beste, errezeta gastronomikoak egiteko (11:30ean, 12:30ean eta 13:30ean). Horretaz gain, Somorrostro Irakasguneko lan eta eduki pedagogikoen erakusketa bat izango da, bai eta hegazti habiak apaintzeko tailer bat ere. Muskizko Nekazaritza Ekologikoko talde monitorizatuak “Babesten” metodoaren bidez ekoitzitako produktuak erakutsiko ditu, eta Orkatz SL enpresak Asiako liztorra desagerrarazteko moduei eta isileko ehizari buruzko informazioa eskainiko du.

Era berean, Azokaren barruan, Muskizko Babes Zibilak, erabat dohainik, tailer praktikoak eskainiko ditu bihotz-biriketako bizkortzeaz, desfibriladoreen erabileraz eta itotze egoerei erantzuteko moduez.

Familia Martxa ibai pasealekutik eta Txakolin Eguna

Aurtengo edizioan, ibai pasealekuaren inaugurazioaren harira, familia ibilaldi bat egingo da, ibaiaren ondotik, San Juan plazatik El Pobaleko burdinolaraino, joan eta etorri. Ingurumen Sailean eman behar da izena, 09:00etatik 10:00etara. Ibilaldian parte hartzen duten guztiei opari bana emango zaie, eta bizikleta elektriko baten zozketan parte hartuko dute. Horretaz gain, berrikuntza gisara, txakolinaren tradizioa berreskuratu eta sustatzeko, Bizkaiako hainbat txakolindegitako txakolina dastatu ahalko da azokan, eta bi euroren truke bi dastatze egin ahalko dira. Txakolindegi guztien artean bi bazkari zozketatuko dira Muskizko Batzokian.

Gustu guztietarako jarduerak

Aurreko urteetan bezalaxe, edizio honetan ere natura maite dutenek hitzordu garrantzitsua dute Muskizen, izan ere hamaika jarduera izango da bertaratzen diren guztien gozagarri. Ohiko zakur eta hegazti harraparien erakustaldiak izango dira, bai eta hegaztien argazki erakusketa bat ere. Horretaz gain, ehiza eta arrantza stand bat ere ipiniko da, eta harkaitzetako arrainen eta basurdeen dastaketa, 11:30ean. Orotara, 1.200 errazio banatuko dira, eta horrekin batera, Enkarterriko eta Kantauri isurialdeko nekazaritzako elikagaiak izango dira, mikologia erakusketak, senda-belarrak eta Meatzaritza Museoko fosilak, bai eta Enkarterriri buruzko dibulgazio materiala ere, Trueba elkartearen eskutik. Horretaz gain, Larratz Arrantza Eskolari esker, hiru plater hauetaz gozatu ahalko da bertatik bertara: muxar eltzekaria, muxar betea eta muxar gorenak.

Heriotza gabeko arrantza Barbadunen

Tiro modalitate desberdinak izango dira, esaterako, arkua, karabina eta tiragomak; eta horretaz gain, euli artifizial tailerrak, lehorreko jaurtiketa jartailu eran, korrokoien heriotza gabeko arrantza, Barbadun ibaian, Muskizko Arrantza Eskolak eta nahi duten guztiek parte hartzeko (parte-hartzaile bakoitzak bere kanabera ekarri beharko du), Bilboko Fly Fisher Klubak antolatuta. Jakin gura handiena dutenek artisautzaz ere gozatu ahalko dute, egur tailak, apeu artifizialak, bastoiak, itsasontzien eta hegaztien maketak, antzinako objektuak, animalia itxurako metalak, labanak, giltzatakoak eta txapak izango baitira; bai eta taxidermia eta ehiza artisautza ere, adarretan, metaletan, egurretan eta labanetan.

XII. Ehiza, Arrantza eta Natura Azoka ixteko, herri bazkari bat egingo da, Muskizko Berria Pilotalekuan, 15:00etan, 18 euroren truke. Izena emateko, Arraintxori Klubeko lokalera bertaratu behar da, 10:30etik 13:00etara.