Albisteak

 

Muskizko Udalak, orotara, 36.800 euro erabili ditu, Muskizko hiru hezkuntza zentrotako mantentze lanak aurrera ateratzeko. Hezkuntza zentroetan, batik bat, berogailuak aldatu eta gelak margotu dira; eta horretaz gain, bestelako mantentze lan batzuk ere egin dira, uda sasoiko etena baliatuta.

Muskizko Ikastolan, Muskizko BHI zentroan eta Cantarrana Eskolan mantentze lanak egitea onartu zuen Muskizko Udaleko Gobernu Batzordeak; eta mantentze lan hauek, aurreikusi zen gisara, udako hilabeteetan burutu dira. Cantarrana Eskolaren kasuan, igeltserotza lanak egin dira, gelak margotu dira, 2 urteko haurrentzako gela bat egokitu da eta berogailuak ipini dira. Horretaz gain, sarreran sasiak kendu eta bertako lorategia txukundu da. Hobekuntza hauen zenbateko osoa 18.240 eurokoa da.

Muskiz BHI zentroaren kasuan, mantentze lanak egin dira entxufe eta berogailuetan, hainbat gela margotu dira, eta argi bat ipini da sarreran. Muskizko institutura, orotara, 5.100 euro bideratu dira. Muskizko Ikastolari dagokionez, berriz, 13.460 eurokoa da inbertsio osoa, eta bertan hainbat hobekuntza egin dira: igeltserotza lanak egin dira, gimnasioko zutabeetako babesgarriak konpondu eta aldatu dira, berogailuak aldatu dira eta bestelako hainbat konponketa eraman dira aurrera.