Albisteak

 

Zuzien jaitsierari helduta, iazko harrera ona ikusita, aurten ere iazko metodo bera erabiliko da zuziak banatzeko. Horretaz gain, Herri Kirolak, Harri-zulatzaileen Bizkaiko Ligako proba, esku pilotako partidu profesionalak, aizkolariak, harri-jasotzaileak eta fanfarre eta irrintzi lehiaketak izango dira Muskizko San Juan jaien egitarau zabalaren barruan. Era berean, euskal dantzak, buruhandiak, bertsolariak, lehiaketa gastronomiko tradizionalak eta Su Ta Gar musika taldearen kontzertua ere izango dira, Muskizko San Juan jaietako ekintzen artean.

Muskizko Eskubaloi Taldeak eta Muskizko Karate Full Contact Klubak irakurriko dute pregoia. Muskizko Eskubaloi taldearen 50. urteurrena da, eta Karate Full Contact Klubaren 25. urtemuga. Txupina ekainaren 22an izango da (ostirala), 19:30ean, Meatzari plazan, eta Muskizko Jarraitzen Dugu txistulari taldeak eta Portugaleteko Ku-klux fanfarreak girotuko dute.

Aurten, bi asteburutan izango dira jaiak, eta segurtasun arrazoiak direla eta, iazko sistema bera erabiliko da zuziak banatzeko. Jaitsierara herritar asko eta asko etorri ohi dira, eta aurten San Juan gaua larunbata denez, iazko sistema bera erabiltzea erabaki dute antolatzaileek eta Muskizko Udalak, segurtasun arrazoiengatik eta egon litezkeen arriskuak saihestu ahal izateko.

Zuziak dohainik jaso ahalko dira, ekainaren 18tik (astelehena), ekainaren 21era (osteguna), 11:00etatik 13:00etara; eta 17:30etik 20:00etara; eta ekainaren 22an (ostirala), 11:00etatik 13:00etara, Muskizko Kultur Etxean. Muskizen erroldatuta egotea da zuziak jasotzeko baldintza bakarra, eta adinez nagusia den bizilagun bakoitzak bere etxebizitzako zuzi guztiak eskuratu ahalko ditu, bere NANa aurkeztuta. 2010etik aurrera jaiotako haurrak albo batera geratu dira, segurtasun arrazoiengatik.

Baldin eta ezarritako epe horretan eskura dauden zuzi guztiak banatzen ez badira, ekainaren 23ra arte (larunbata), 20:00etatik 21:30era luzatuko da banaketa epea. Egun horretan geratzen diren zuzi guztiak banatuko dira, erroldan daudenen eta ez daudenen artean, inolako lehentasunik gabe.

Ekitaldi honetan, herritarrek euren zuziak pizten dituzte, eta txistulariek gidatuta, Muskizetik ibilbide bat egin eta gero, San Juan sura jaurtitzen dituzte zuziak. Arriskuak saiheste aldera parte-hartzaileei bestelako biderik ez egiteko eta kontsumitzen diren zuziak ibilbidean zehar urez beteta egongo diren bidoietara botatzeko eskatzen diete antolatzaileek.

23:30ak aldera, hain justu ere, aurreikuspenen arabera, Zuzien Jaitsiera bukatzen denean, muskiztarrek eta bertaratzen diren guzti-guztiek Astondoa pirotekniaren su artifizialez gozatu ahalko dute; eta horren ostean, Kresala taldearen dantzaldia izango da.

Ekitaldiak, bi asteburutan zehar

Ekainaren 22an (ostirala), jaien hasieran, Akelarrea eta solstizio festa berezia ospatuko da Eguneko Zentroan, eta ondoren, 3. adinekoentzako bazkaria izango da. Arratsaldean, txokolate jana eta kalejira izango dira, bai eta antzerkia ere, izan ere, “Así te lo cuento” lana eskainiko du Juegos de Damas taldeak, 20:30ean, Meatzari Aretoan. Ordu berean, musikaz gozatzeko aukera ere izango da, The Bomberans eta Rever bertako taldeen eskutik. Ostiral gaua bukatzeko, Drindots taldearen dantzaldia izango da.

Ekainaren 23an (larunbata), goizean, Muskizko buruhandiek plaza girotuko dute, haurrentzako parke tematikoa izango da, eta pin pong eta joko libre erakustaldia izango dira; horretaz gain, kalejira eta fanfarreak izango dira udalerriko hainbat gunetan. Aurten, tortilla eta itsas paella lehiaketak izango dira. Arratsaldean, berriz, esku pilotako partidu profesionalak, mus eta pasabolo lehiaketak, dantza jaitsierak, eta irrintzi eta fanfarre lehiaketak izango dira. Jai egun biribil honi bukaera emateko, zuzien jaitsiera izango da, eta jarraian, Kresala taldearen dantzaldia.

Ekainaren 24an, herriko jai egunean, besteak beste, XI. Tiragoma Lehiaketa, Muskizko Dantza Aktibo erakustaldia, musika emanaldiak, eskola kiroleko pilota lehiaketa eta Bizkaiko Ligako Harri-zulatzaileen proba bat izango dira. Eguna bukatzeko, “El Pacto” izeneko rock taldearen kontzertua izango da.

Ekainaren 28an (osteguna), Estudio 87 taldearen erakustaldi bat izango da. 29an (ostirala), haurrentzako uretako puzgarriak izango dira; arratsaldean, Txistu eta Metalen Boskote kontzertua eskainiko da, Meatzari Aretoan; gauean, Su Ta Gar eta Skakeitan taldeen kontzertuak izango dira; eta bukatzeko, Lehian taldearen dantzaldia. Ekainaren 30ean, jaietako azken egunean, herri kirolak izango dira, eta haurrentzako tailer ugari, El Crucero parkean. Marmitako lehiaketa eta Arrantza Lehiaketa egingo dira. Horretaz gain, bertsolariak ere izango dira eta autodefentsari buruzko masterclass bat, Berria pilotalekuan. Era berean, muskiztarrek eta bisitariek Herri Kirolez eta txinga lehiaketaz gozatuko dute, eta egunari amaiera emateko, Ciclos Band taldeak kontzertua eskainiko du bere 50. urteurrenaren harira. Jarraian, Maremagnum Show orkestraren txanda izango da.

Berdintasun Sailak eraso sexisten aurkako kanpaina bat ipini du abian. Ildo beretik, Jai Batzordeak, Muskizko txosnekin eta hainbat elkarterekin batera, eraso matxisten, homofoboen eta xenofoboen aurka jarduteko prozedura bat zehaztu du. Zure jaiak dira, gure jaiak dira!

Jaien egitaraua (PDF 1,83MB)

Kuadrilla desafioa

Aurten, berrikuntza gisa, kuadrilla desafioa egingo da, eta bertan, gutxienez, udalerriko 14 taldek hartuko dute parte. Jaietan zehar, hainbat proba eta ekintza egingo dituzte, besteak beste, ekainaren 22an (ostirala), jaitsiera, jaien hasieraren harira. Ibilbide bat egin beharko dute, Arkazieta ingurutik Meatzari plazaraino, txupinaren aurretik; eta ostean, kalejira bat. Kuadrillek paella lehiaketan ere hartuko dute parte, eta horretarako aparteko epaimahai bat izango da. Horretaz gain, bi ostiral eta larunbatetan, hainbat proba egin beharko dituzte txosna gunean, eta playback bat eta txerriolimpiada deitutakoak ere izango dira.

Kuadrilla desafioaren egitaraua (PDF 193KB)