Albisteak

 

Larunbatean, ekainaren 2an, 21:00etatik aurrera, gaueko bigarren igoera Mellora mendi-bizikletan egingo da Muskizen, aurreko edizioak izandako arrakastaren ostean. Probak 30 kilometro ditu, eta 1.000 metroko desnibela, %100ean egin daiteke bizikletaz eta bi ordu eta erdian amaitu daiteke.

Interesa duten kirolari guztiei zabalik dago proban parte hartzeko aukera, eta prezioa 20 eurokoa da, maiatzaren 30era arte. Probaren egunean bertan izena emanez gero, ordea, prezioa 25 eurokoa izango da. Herritik mendira igotzeko antolatzaileek prestatutako ibilbidea aurreko edizioko berbera izango da ia-ia, pista bat edo beste kenduta, horien egoera kontuan hartuta, eta, horrez gain, beste sorpresaren bat ere egongo da. Zailtasun bakarra ikuspena da; izan ere, gauean askoz murritzagoa da.

Inskripzioa egiteko, rockthesport.com plataforma erabili behar da, eta igoeraren egunera arte egin ahal izango da, proba hasi baino lehen. Adin nagusikoa den edozein pertsonak hartu ahal izango du parte. Probaren ibilbide osoan hornidura-gune bat egongo da, Melloko tontorrean. Amaitu ondoren, parte-hartzaileek opari-poltsa bat jasoko dute, eta paella, postrea eta kafea hartu ahal izango dituzte, indarberritzeko. Parte-hartzaileekin batera doazen pertsonek ere afaldu ahal izango dute, 5 euroko prezioan.

Aurtengo edizioan, bizikleta elektrikoen erakusketa bat egongo da San Joan landan, 17:00etan. Bisitariek bizikletak probatu ahal izango dituzte, eta horiekin ibilbide bat egin (proban parte hartuko duten pertsonek plaza bat edukiko dute erreserbatuta). Ikusgai egongo diren bizikletak denda hauetakoak izango dira: Zona Bike (Galdakao), Demo Bike (Sodupe), Trapagabike (Trapaga) eta Motor Verde (Bilbao). Horrez gain, Egurre Bikes enpresak ere ikusgai jarriko ditu bere eko-diseinuak: egurrezko koadrodun bizikletak, lohi-babesak eta bizikleta-euskarriak. Mendiz Mendi Taldearen asmoa da gaueko igoera jendearen kirol-proben egutegian txertatu dadila, eta urterik urte proba hobetu eta zailtasuna areagotzea.

Kartela (PDF 57KB)