Albisteak

 

Hiri Adiskidetsua izeneko proiektuarekin bat egin du Muskizko Udalak. Parte hartzea sustatuz, osasun baldintzak hobetuz eta inguruetako segurtasuna handituz, nagusien zahartze aktiboa indartzea eta euren bizitza kalitatea hobetzea da helburua. Ekimen honen bidez, auzotarrek euren egitura eta zerbitzuak egokitzea lortu nahi da, egitura eta zerbitzuak irisgarriak izatea eta behar eta gaitasun desberdinak dauzkaten pertsona nagusiak kontuan hartzea.

Muskizko Udaleko baliabideei esker eta Urgatzi taldearen ekarpenaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko laguntzen bidez finantzatuko da egitasmoa. Metodologiari dagokionez, plana aurrera ateratzeko 4 etapa aurreikusi dira. Lehenengo eta behin, pertsona nagusiak proiektuan inplika daitezen beharrezko mekanismoak jaso dira, eta pertsona nagusi horiek teknikari profesionalekin, bertako ordezkari politikoekin eta bestelako eragileekin batera proiektuaren talde motorra osatuko dute. Talde motor hori lanean arituko da, adiskidetasunaren diagnostikoa, ekintza plana eta etengabeko hobekuntza aurrera ateratzen, Muskiz adin guztientzako esparru bihur dadin.

Mekanismo horiek finkatu eta gero, udalerriaren adiskidetasun mailari buruzko diagnostiko bat egingo da, ekintza plan bat eta jarraipenerako adierazleak identifikatzeko jarraibideak zehaztuz, betiere zahartze aktiboa baldintzatzen duten zortzi esparruetatik gutxienez lau kontuan hartuta. Hauek dira zahartze aktiboa baldintzatzen duten zortzi alderdiak: kanpoaldeko guneak eta eraikinak, garraioak, etxebizitzak, parte-hartze soziala, errespetua eta gizarte inklusioa, parte hartze zibikoa eta enplegua, komunikazioa eta informazioa eta zerbitzu komunitarioak eta osasuna.

Bukatzeko, ekintza planeko jarraipena, ebaluazioa eta gauzatzea neurtzeko lanak bideratuko dira, bai eta etengabeko hobekuntza errazteko ere. Horretaz gain, pertsona nagusien protagonismoa bermatuko da uneoro, bai eta profesional tekniko, ordezkari politiko eta udalerriko beste eragile batzuena ere.