Albisteak

 

Umeek diseinatutako motor elektrikoak dauzkaten auto lasterketa bat izango da lehenengoz Muskizen. Jarduera hau maiatzaren 27an izango da, igandean, Muskizko Udal Kiroldegian eta Meatzari Aretoan, Kid’s kitcar-Grenpower Iberia izeneko elkarteak antolatuta, Muskizko Udalarekin elkarlanean.

Orotara, bi lehiaketa izango dira, bi kategoria desberdinetan: alde batetik, Goblin izenekoa, 9 urtetik 11 urtera arteko umeentzat; eta bestetik, F-24 izenekoa, 11 urtetik 16 urtera artekoentzat. Jarduera honen helburua da haurrek eurek aurretiaz sortu dituzten autoak probatu eta lehiatzea.

Jardunaldi hau goizeko 08:00etan abiatuko da, eta arratsaldeko 17:00etan amaituko da. Umeek eurek sortu dituzten autoak erakutsi eta hizketaldi txiki bat egiten dute, talde desberdinen artean, elkarrengandik ikasi eta hurrengo lasterketetan hobeto egin ahal izateko. Lasterketaren emaitzaz gain, negozio plana defendatzeko umeek erakusten duten gaitasuna eta Proiektu Zuzendaritzako Nazioarteko Elkartea (IPMA) delakoaren oinarrien araberako proiektuaren kudeaketa plana hartzen dira kontuan taldeetako puntuazioa zehazterakoan. Ekintza hauek guztiak hiru hizkuntzatan eramaten dira aurrera: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez.

Kid’s kitcar (http://www.kidskitcar.org/) izeneko elkartea 2017ko urtarrilean sortu zen, guraso aitzindari eta berritzaile batzuen eskutik, haur eta gazteengan gaitasun teknikoen garapena bultzatzeko asmoz, jakingura horiek ase ahal izateko ekosistema bakar bat eraiki ahal izateko, zientzian, teknologian, artean eta matematikan, horrela, umeek taldean lan egiteko balioak indartu ditzaten. Egitasmo hau aurrera atera ahal izateko, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko (COIIB) babesa du Kid’s kitcar elkarteak. 

Sariak

Parte hartzaileek hainbat sari eskuratu ahalko dituzte, 1. saria, 2.a eta 3.a, bi lehiaketen kasuan; eta horretaz gain, honako sari hauek ere izango dira: aurkezpenik onena, Greenpower espiritua, ondoen aurkeztutako taldea, karrozeriarik onena eta F24 delakoan ondoen garatutako autoa.