Albisteak

 

Asteburu honetan, maiatzaren 19an eta 20an, festa giroa nagusituko da Muskizen, izan ere, Eguzki Fest ospatuko da lehenengo aldiz. Jai honetan, eskaintza oparoa izango da auzotarren eta bertaratzen diren guztien gozagarri: usain eta zaporeen bazterra, haur eta nagusientzako mota bateko eta besteko tailerrak, bertako moda, dastaketak, zuzeneko musika eta dantza erakustaldiak. Jaialdi hau Meatzari plazan izango da, larunbat eta igande goizean.

Aparteko txoko ugari izango dituzte Meatzari plazara etortzen diren herritar guztiek. Usainen txokoan, ehunka landare, hazi, xaboi, intsentsu eta abar izango dira; zaporeen txokoan, bertako produktuak eta produktu artisauak; haurren txokoan, haurrentzako jarduerak, tailerrak eta animazioa. Horretaz gain, zuzeneko musika ere eskainiko da, artisau garagardo dastaketa, eta "Dastatu" eta "Market" izeneko guneak, hala nahi dutenek produktuak eros ditzaten.

Jaia larunbatean hasiko da, goizeko 11:00etan. 4 urtetik 14 urtera arteko haurrentzako hainbat tailer izango dira, esaterako, "Terrarium bat diseinatu", "Royal Icing bidezko dekorazioa", "Cupcake-ak", "Txokolatezko Coulant-a" edo "Lore eta fruta minitartak". Zuzeneko musikari helduta, 13:00ean, Ibon Benaldiak joko du. Arratsaldean, berriz, Mikel Bizar, Four Friends, CloverWind eta Xukelak arituko dira, eta horiekin batera, jardunaldiari amaiera emango dion Rever bertako taldea. Era berean, larunbatean, hainbat produkturen dastaketak ere izango dira, besteren artean, La Txika de la Cerveza, Enkarterriko txakolina, GaragArt, Kaitxo kafeak eta Urban Beer. Horretaz gain, "Amona Joxeparen Istorioak" izeneko antzezlana izango da, 19:00etan; eta Muskizko Dantza Aktiboaren erakustaldia, 20:00etan.

Jaiak aurrera jarraituko du igandean. Umeentzako tailerrak izango dira berriro, eta beste tailer bat gehiago izango da: DJ tailerra, 8 urtetik gorakoentzat. Helduentzako tailer bat ere eskainiko da, xaboi naturalei buruzkoa, 11:00etatik 13:00etara. Igandean ere La Txika de la Cerveza izeneko garagardoa dastatu ahalko da, eta Boga Garagardoa eta Urrizti gaztak ere izango dira bertaratzen diren guztien gozagarri. Goizean dantzarako aukera ere izango da, hain justu ere, Studio 87 taldearen eskutik, 12:30etik aurrera.

Tailerretako izen-ematea

Haurrentzako eta helduentzako tailerrek eta dastaketek 2 euroko prezioa izango dute. Parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete www.eguzkifest.com webgunean. Tailerretan izena emateko epea maiatzaren 17an itxiko da, 23:59an. Une horretatik aurrera, dastaketak eta tailerrak egingo diren karpetan eman ahalko da izena, leku librerik geratzen baldin bada.

"Dastatu" eta "Market" guneak

Eguzki Fest-era bertaratzen direnek mota bateko eta besteko produktu ugari aurkituko dituzte:

  • Dastatu gunea: Drunken Bros, Boga Garagardoa, La Txika de la Cerveza, Txorierri Garagardoa, GaragART, Urban Beer, Colder Craft Beer, B Basque Oak, Basque Oak, Dougall’s, Arte Carne, Hermann Thate.
  • Market gunea: Maikala artisau tartak, Crosta okindegia, Kaitxo kafe eta txokolateak, Oses kontserbak, Jose Gourmet kontserbak, Arrolan oliba olioa, Enkarterri Concept Store, Munduko espezieak, Urrizti gaztak, Beltzitina marmeladak, Lágrimas de cocodrilo, LACOCCINELLE de Rebeca García, Ciaobellaido, Con S de Su, Meatzeta zeramika, Xaboi Punpuila, Uhaina Surft & Art, Bitxikeriak, Namuk.

Egitaraua (PDF 227KB)