Albisteak

 

Udako oporraldiei begira, beste behin ere Hiri Udalekuak eskainiko ditu Muskizko Udalak, eta azken urteetan egin den bezalaxe, aurten ere, besteak beste, haurtzaindegi eta jantoki zerbitzua izango dira. Udalerrian erroldatuta dauden 5 urtetik 12 urtera arteko haur guztientzako jarduera da, eta batik bat, uztailaren lehen hamabostaldian eramango da aurrera.

Muskizko Udalak antolatzen dituen Hiri Udalekuez gozatuko duten haurren gurasoen eskakizun eta premiei erantzute aldera, Muskizko Udala triptiko bat buzoneatzen ari da, haurtzaindegi eta jantoki zerbitzuei buruzko informazioa eskuratu ahal izateko. Interesa edukiz gero, herritar guzti-guztiek euren lehentasunak adieraz ditzakete triptiko horietan: haurtzaindegiaren kasuan, 20 euro kostatzen da, 08:00etatik aurrera; eta 10 euro, 09:00etan hasiz gero; jantoki zerbitzuak, berriz, 71,50 euro balio du, 14:00etatik 15:00etara.

Muskizko Udaleko aurtengo Hiri Udalekuetan izena emateko, webgune hauetako edozein erabil daiteke: www.muskizudalekuak.blogspot.com edo www.muskizcolonias.blogspot.com. Nolanahi ere, ohi bezala, Gaztegunean ere eman daiteke izena, horretarako beharrezko dokumentazioa aurkeztuta. Ekainaren 8an itxiko da udalekuetan izena emateko epea.

Udaleku hauek aurrera ateratzeko, gutxi gorabehera, 56.000 euro inbertituko dira (udalekuak bi urtean egiteko), eta txangoz, kirol jarduerez eta kooperazio, kultur eta osasun tailer eta jolasez betetako udalekuak prestatu ditu Muskizko Udalak, udalerrian erroldatuta dauden 5 eta 12 urte arteko haurrentzat (2006 eta 2013 artean jaiotakoak, biak barne). Edizio honetan, gainera, urte bat jaitsi da parte hartzeko adina, auzotarren eskakizunei erantzuteko. Udalekuak Cantarrana Eskolako instalazioetan egingo dira, ekainaren 27tik (asteazkena) uztailaren 13ra arte (ostirala), larunbat eta igandeetan izan ezik, 10:00etatik 14:00etara arte.

Muskizko Hiri Udalekuetan izena emateko, inskripzio orria behar bezala beteta aurkeztu beharko da, Osakidetzako txartelaren kopia eta horretarako sortutako kontu zenbakian matrikularen zenbatekoa sartu izanaren ziurtagiria. Ildo beretik, ekainaren 26an, arratsaldeko 18:30ean, bilera bat egingo da Gaztegunean, interesa duten guztiei Muskizko Hiri Udalekuak aurkezteko.

Prezio egokituak

Hiri Udaleku hauetako prezioa 71,20 eurokoa da parte hartzaile bakoitzeko, nolanahi ere, beherapenak daude seme-alaba bat baino gehiago matrikulatzen dituzten familientzat: bi seme-alaba matrikulatuz gero, 50,80 euro kostatzen da seme-alaba bakoitzeko; eta 3 seme-alaba edo gehiago matrikulatuz gero, 40,60 euro seme-alaba bakoitzeko.

DSBE jasotzen dutenentzat 35,60 €-koa da matrikula seme-alaba bakoitzeko; bi seme-alaben kasuan, 25,40 €; eta 20,30 €, hiru-seme-alaba matrikulatuz gero. Udalekuetako gastu guztiak daude diru kopuru horien barruan (egingo diren txangoak, joan-etorrietarako autobusak, hainbat ekitalditarako sarrerak, materiala…).

Herriko gazteenei begira, Muskizko Udalak antolatzen dituen udaleku hauek, besteak beste, aisialdi osasungarri eta eraikitzailea sustatzeko bideratzen dira, gure gazteek esperientzia hezigarri eta jostagarri batez gozatzeko. Hori horrela, egitarau sozial eta kultural hauek aurrera ateratzeko, aisialdian prestakuntza eta eskarmentu handia duten heziketaren munduko profesionalak arituko dira lanean udalekuetan.

Eskuorria (PDF 481KB)