Albisteak

 

Muskizko Meatzari Aretoan, ostegun honetan, 18:00etan, “Zer ikasi ondo aukeratzeko gakoak. STEM jakintza arloetara hurbil zaitez” izeneko jardunaldia izango da, Meatzaldeko udalerrien artean antolatutako Teknogazte 4.0 ekimenaren baitan. Hitzordu honetan, jakintza zientifiko-teknologikoen alde egitera animatuko dira Meatzaldeko gazteak; eta horretarako, gazte, familia eta orientatzaileen arteko topagune bat eraikiko da, gazteei euren etorkizuneko prestakuntza eta lanari buruzko erabakiak hartzen laguntzeko. Parte hartu nahi dutenek euren bertaratzea baieztatu behar dute Meatzaldeko Behargintzan, aforoa mugatua dela eta.

18:00etan ateak irekiko dira eta bertaratzen direnei harrera egingo zaie. Lehenengo eta behin, Meatzari Aretoko atartean dauden informazio oholak bisitatuko dira. 18:30ean, Borja Liaño Muskizko alkateak hasiera emango dio jardunaldiari; eta bere ostean, Maitane Leizaola Bizkaiko Behatokiko zuzendariak hartuko du hitza. 18:40ean, lehenengo txostena aurkeztuko da, Yohana Pavón ANAC Asociación Nacional de Agencias de Colocación delakoaren presidentearen eskutik, “Gehien eskatzen diren lanbideak. Bereizten diren enplegu datuak” izenburupean.

Ondoren, 19:00etan, Pedro Sánchez HETEL Asociación de Centros de Formación Profesional deitutakoaren arduradunaren txanda iritsiko da, eta “Industria Teknologikoa. Balizko prestakuntza ibilbideak lan irteera onenetarako” izenburua duen txostena aurkeztuko du. Azkenengo txostena, 19:20ean izango da, Félix Díez Versia taldearen Berrikuntza Arloko zuzendariaren eskutik, eta “Munduko industriaren eta teknologiaren joerak eta etorkizunak eskatuko dituen profil profesionalak” izeneko saioa eskainiko du. Bukatzeko, orientatzaile teknikari espezializatuen harrera jasoko dute hurbiltzen direnek.

Bide batez, komeni da gogora ekartzea, orotara, 1.470 pertsona inguru hartu dituen Teknogazte 4.0 proiektua eskualde mailako ekimena dela eta Meatzaldeko Udalek babesten dutela (Trapagaran, Ortuella, Abanto Zierbena, Muskiz eta Zierbena), eta Bizkaiko Foru Aldundia ere Udal Gaztedi Meatzalde izeneko planaren barruan dagoela. Egitasmo honen inbertsio osoa 44.202,90 eurokoa da. Gaztedi Meatzalde izeneko planaren bitartez, eskualdeko enpresa industrial eta teknologiko adierazgarrienekin hitzarmen bat sinatzea bultzatu nahi da.

Eskualdeko hezkuntza zentroetako ikasleen artean bokazio tekniko eta teknologikoak sustatzea da Teknogazte 4.0 proiektuaren helburua, bai eta eskualdeko ikasleak industria eta teknologiara hurreratzea ere, betiere emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunean sakonduz, emakumeek produkzio industrian duten presentzia handitu ahal izateko.

Aurrera ateratako ekintzak

Orain arte hainbat ekintza eraman dira aurrera, besteak beste, hainbat jardunaldi eta informazio hitzaldi eskaini dira eskualdeko hezkuntza zentroetan, gazteen artean aldaketa bat eragiteko ikasketak aukeratzeko orduan. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako, Bigarren Hezkuntzako 1., 2., 3. eta 4 mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleek jaso dituzte saio horiek.

Gazte nerabeekin eta euren familiekin topaketa informalak ere egin dira, ikasketa teknologiko eta teknikoek eskaintzen dituzten aukerak azaltzeko. Foro horietan enpresetako, lanbide heziketako eta unibertsitateetako langileek hartu dute parte. Horretaz gai, ikasleen gaitasuna sustatzeko tailerrak ere egin dira, robotikaren eta programazioaren bidez, betiere, norberaren talentua, komunikazioa, nortasun ekintzailea eta gauza berriak aurkitzeko eta ikasteko jakinmina sustatuz.

2018an aurreikusitako jarduerak

2018. urtean ekintza ugari egingo dira, besteren artean, maiatzaren 10eko jarduera, eta horretaz gain, hainbat bisita egingo dira enpresa batzuetara, gazteak euren gurasoekin batera joan daitezen, robotika, bideo jokoak, 3D animazioa eta abarrei buruzko tailerrak eskainiko dira eta Basque Game Lab delakora eta zentro teknologiko batzuetara joateko txangoak ere antolatuko dira.

Egitaraua (PDF 74KB)