Albisteak

 

Mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiako kideek estrategia, ezagutza eta gaitasunak bereganatzea da Muskizko Udaleko Zainduz programaren helburua, mendekotasuna daukaten pertsonen familiako zaintzaileak hobeto aritzeko eta zaintzaileen bizi kalitatea hobetzeko. Helburu horri begira, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Muskizko Udalak. Iragan den 2017. urtean, Muskizko Udalak, orotara, 14.126 euro inbertitu zituen, eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten familiako kideak babestu ziren, euren ezagutzak eta gaitasunak hobetuz eta euren egunerokoa eta zaintza erraztuz.

Aurreko urtean, orotara, udalerriko 142 bizilagunek, 11 gizonek eta 131 emakumek, zerbitzu hauek erabili ahal izan zituzten. Zainduz programaren eskaintzak hainbat lan-ildo dauzka, besteak beste, memoriaren entrenamendua lantzeko jarduerak, barreterapia, erlaxazio eta egoera zailen kudeaketari buruzko tailerrak, herritarren arreta, talde psikologia eta psikologia indibiduala. Jarduera hauek guztiak 357 orduz eraman dira aurrera, eta erabiltzaileek ondo baloratu dituzte, zehazki, 4,8ko puntuazioa eman diote 5 punturekiko (aurreko urtean baino balorazio hobea).

Era berean, Zainduz programak proiektu pilotu bat ere landu du, Zaintek izenekoa. Estresa neurtzen duten seinale fisiologikoak baliatuz etxebizitzetan dauden pertsona nagusien zaintza hobetzea da Zaintek ekimenaren helburua. Egitasmo horren bitartez, euren etxebizitzetan bizi eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten familiako kideen zaintza hobetu nahi da, sistema sozio-teknologiko bat erabiliz, pertsona hauen gain karga ekidin ahal izateko. Sistema horri esker, alde batetik, estres fisiologikoa kontrola daiteke (hautematea, monitorizazioa eta jarraipena); eta bestalde, informazio zerbitzuak eskain daitezke, adibidez, prestakuntza eta esku-hartze psikosoziala, pertsona zaintzaileek euren burua hobeto zaintzeko eta euren ardurapean dauden pertsona horiek hobeto artatzeko.

2018rako egitaraua

2018rako programazioak hainbat tailer biltzen ditu, besteren artean, memoriaren entrenamendua, mindfullnes eta erabakiak hartzea, loaren higienea, komunikazio asertiboa besteak zaintzen diren bitartean, egoera zailen kudeaketa… Horretaz gain, laguntza psikologiko indibiduala eta taldekako laguntza psikologikoa ere eskaintzen dira.