Albisteak

 

Datorren apirilaren 22an izango da Muskizko El Cerro de La Llosa izeneko kirol eta kultur elkarteak antolatutako 2018. urteko Mello Sariko mendi ibilaldi eta lasterketaren zazpigarren edizioa. Ibilaldia eta lasterketa absolutua modalitateez gain, Ibilaldi Txikiaren seigarren edizioa ere izango du aurtengo Mello Saria probak. Modalitate horietako edozeinetan izena emateko azken eguna apirilaren 20a da (ostirala), Ibilaldi Txikiaren kasuan izan ezik.

Aurtengo Mello Sariak distantzia desberdinak izango ditu, parte hartzaile bakoitzak aukeratzen duen modalitatearen arabera, eta nahi duten guztiek har dezakete parte proban, federatuta egon zein ez, baldin eta 18 urte baino gehiago baldin badituzte. Edizio berri honetan, hainbat aldaketa egin dira ibilbidean. Mello Sariak daukan mendi izaerari eutsiz, zati gogorragoak gehitu dira, edertasunaren mesedetan. Ibilbidea eta lasterketa 25 kilometrokoak dira, aurrekoan baino gehiago, eta, orotara, 1.530 metroko desnibel positiboa dago, eta ibilbidean igoera eta jaitsierak daude, bai eta ezustekoren bat ere. Aurrekoetan bezalaxe, ibilbidea goizeko 08:00etan aterako da udalerriko pilotalekutik; eta lasterketa, goizeko 10:00etan.

Bestalde, 12 kilometroko ibilbidea eta lasterketa laburra ere badaude, 12 kilometrokoak eta 730 metroko desnibel positiboa dutenak. Aurten ibilbide berria izango da, kirola sustatzeko eta beheko kategoriak indartzeko, nolanahi ere, mendi ibilbide eta lasterketetan hasi nahi duen edozein kirolarik eman dezake izena. Adingabe guztiek euren legezko tutoreek sinatutako baimena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta. Aurten, ibilbide bera izango dute ibilbide eta lasterketa laburrek. Hori horrela, ibilbide laburra goizeko 09:00etan abiatuko da; lasterketa laburra, berriz, goizeko 10:30ean.

Duela urte batzuetatik hona ohitura bilakatu den modura, 09:45ean, haurrentzako Martxa Txikia aterako da, San Juan plazatik. Proba honek, orotara, 8,5 kilometro izango ditu eta 400 metroko desnibela. 4 urtetik aurrerako haurrek egiteko moduko ibilbide honek ordu eta erditik 3 ordura arteko iraupena izango du. Edizio berri honetan, elkartasunaren alde, premia egoeran dauden udalerriko familien artean banatuko du biltzen den dirua. Hori dela eta, ibilaldian parte hartzen duen ume bakoitzak 2 euro jarri beharko ditu; eta ume hauekin batera heldurik joanez gero, helduek borondatea utzi beharko dute, zenbakiak jasoko diren gunean ipiniko diren itsulapikoetan.