Albisteak

 

Muskizko Ikastolako eskaerei erantzunez, Muskizko Udalak obrak egingo ditu hezkuntza zentro honetako kirol pistetako batean, 2018ko udako oporretan, eta horretarako, orotara, 315.000 euroko aurrekontua dago. Neurri honi esker, eguraldi txarretik babestutako jolasteko, aisialdirako eta ekintza askotarako gune babestua izango dute Muskizko Ikastolako ikasleek.

Ildo beretik, eskola ordutegitik kanpo, aisialdirako gune modura erabili ahal izatea aurreikusi du Muskizko Udalak. Euria edo haizea dagoenean, Muskizko Udalaren beraren ekimenak aurrera ateratzeko erabili ahal izatea aztertu du Muskizko Udalak, esaterako, azoketan, kontzertuetan, Gabonetako ekintzetan… Hori horrela izanik, pista estali berriak oinezkoentzako beste sarrera bat izango du, jolas parketik hurbilago, pista hau gainontzeko bizilagunek ere erabil dezaten. Proiektu handi honek, hortaz, erabilera bikoitza izango du, eta kiroldegi edo azoka gune txiki bihurtuko du gune hau, Muskizko Ikastolako ikasleek jolasteko tokia izateaz gain.

Egokituko den estalkiak Muskizko Ikastolako gaur egungo ildo arkitektonikoari eutsiko dio, eta argiztatze propioa izango du, betiere epe luzerako eraginkortasuna lehenetsiz eta eraikin berri hau jasangarria izatea bilatuz. Orotara, 1.325 m2 daukan pistan metalezko xaflazko sandwich motako panel estalki bati eusteko metalezko egitura bat ipintzea aurreikusi da, % 15eko polikarbonato zeharrargiz eta argia bahetzen duten fatxada itxierak erabiliz, horrela, eguzki izpi zuzenetatik babestu ahalko da hezkuntza zentroko gune hau. Ikasturtea hasten denerako lanak bukatuta egotea aurreikusi dute Muskizko Udaleko ordezkariek, hortaz, obra honetako zarata eta trabek ez diete ohiko eskolei trabarik egingo.