Albisteak

 

Udalerriko postontzietan banatuko den aldizkari baten bitartez, 2018. urterako Ekintza Plana emango du ezagutzera Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak. Aurtengo ekintza planean, guztira, 33 konpromiso berri bildu dira, eta konpromiso berri hauek aurreko urteetako konpromisoei gehituta, orotara, 100 ekintza eramango dira aurrera. Aurten, 2017an ezarritako helburuak lortzeko lanean jarraitu du Muskizko Udaleko Ingurumen Sailak, eta horretaz gain, bizilagunen ekarpenak jaso dira.

Konpromisoen artean, Eskola Agenda dago, udalerriko hezkuntza zentroetako ikasleei begira. Aurtengo edizioan, udalerriko ingurunea hobetzeko hainbat jarduera egingo dira, esaterako, bertako landare ugari landatzea, Borja Liaño Muskizko alkatearekin batera foro batean parte hartzea, Barbadun ibaiko padura garbitzea, etxean ura aurrezteak duen garrantziaz kontzientziatzeko ikasle txikienentzako prestakuntza tailerrak, espezie inbaditzaile nagusiei buruzko hitzaldiak…

Hartutako konpromisoen barruan, lehenengo aldiz, hainbat jarduera eta jardunaldietan parte hartu ahalko dute herritarrek. Egun oso batez, Ehiza, Arrantza eta Natura Azoka ospatzea (lehen, goizez bakarrik izaten zen); lehenengo Txakolin Eguna; Bizikleta Eguna, Muskizko Mendiz Mendi taldearekin elkarlanean; Barbadun ibaiko pasealeku berrian zehar ibiltzeko familia jardunaldia; jaien arteko Liga Gastronomikoa; Sukalki lehiaketa; eta Arrantza Eskola.

Beste ekintza batzuk auzotarren segurtasunarekin eta bide publikoetako argiztatzearekin lotuta egongo dira, adibidez, udalerriko bost gune desberdinetan 30 kilometro orduko muga ezartzea, oinezkoentzako pasabideak aztertzea, parkeetako argiztatzea hobetzea, egungo argiztatzearen ordez LED motakoa ipintzea eta udalerriko zarata mapa egitea.