Albisteak

 

Kataluniako Titzina konpainia eta Euskal Herriko Txalo konpainia hurbildu ditu Meatzari Aretora “Martxoko antzerkialdiak”. Martxoaren lehenengo hiru larunbatetan, berriro ere antzerkiaz gozatu ahalko dute Meatzarira bertaratzen diren guztiek. Oraingo honetan, tragikomedia bat eta bi komedia aukeratu ditu Udalak, eta denak ere arratsaldeko 20:00etan hasiko dira.

“Un Dios Salvaje” izeneko lanak emango dio hasiera aurtengo antzerkialdiari, hain justu ere, martxoaren 3an. Komedia garratza eta “jenio bizikoa”. Bi bikote euren seme-alaben arteko tirabirak gizalegez konpontzeko elkartzen dira, baina segituan hasierako modu egoki horiek galdu eta pertsonaia bakoitzaren miseriak azaleratuko dira. Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Mikel Laskurain eta Tessa Andonegi Euskal Herriko aktoreek antzeztutako lana da.

Hurrengo larunbatean, martxoaren 10ean, Kataluniako Titzina Teatro izeneko konpainiaren txanda iritsiko da. “La zanja” tragikomedian Diego Lorcak eta Paco Merinok Miquelen historia igo dute oholtzara. Miquel nazioarteko meatze enpresa bateko teknikaria da, eta Hego Amerikako ustiaketa batera heldu da. Alfredo (alkatea) eta bere komunitatea aurkitzaile berri honen zain daude. Bi mundu eta bizitza ulertzeko bi modu ezberdin topatuko dira berriro. Meatzeak sortutako anbizioek, aukerek eta ondorioek herriaren etorkizuna eta herritarren arteko harremanak baldintzatuko dituzte.

Sara Cozar eta Joseba Apaolaza dira “El Idiota” antzezlaneko protagonistak. Martxoaren 17an (larunbata) iritsiko da Muskizera. Txalo Produkzioak konpainiaren eskutik gozatuko dugu lan honetaz. Historia honetako protagonista ordaindutako proba psikologiko batzuetara aurkeztu da. Bere arazo ekonomikoak konpontzeko behar duen dirua lortzeko modu erraz eta sinplea delakoan, azkenean benetako tranpa bihurtuko da. Psikologo batek galdera eta enigmak egingo dizkio, eta bere onena atera beharko du zorigaiztoko bukaera saihestu ahal izateko.

Prezio herrikoiak

Kultura sustatzeko politikaren barruan, Muskizko Udalak ahalegin berezia egin du, udalerriko bizilagunei ospea duten konpainien antzezlanak prezio herrikoietan eskaini ahal izateko. Hori horrela izanik, edizio honetako sarreren prezioa 15 eurokoa da, antzezlan bakoitzeko.

Ildo beretik, martxoko denboraldirako harpidetza ere eskura daukate interesa duten guzti horiek. Guztira, 35 euro ordainduta, aurtengo hiru antzezlanetara sartu ahalko dira harpidetza ateratzen dutenek, eta horretaz gain, apirilaren 21ean eskainiko den “Si las mujeres mandasen” izeneko Zarzuelaren eta bere Emakumeen Antologiarako beherapena ere eskuratuko dute.

Ikuskizun hauetarako sarrerak eskuratzeko, honako bide hauek erabil daitezke: Meatzari Aretoko leihatila, www.muskiz.org Udaleko webgunea eta BBK-ko kutxazain automatikoak. Nolanahi ere, antzerkialdirako harpidetzak lortzeko, Meatzari Aretoko leihatilara edo Kultur Etxera bertaratu beharko da..

Informazio liburuxka (PDF 223KB)