Albisteak

 

Muskizko Eguneko Zentroa, Atseden Zentroa eta Nagusientzako Etxea zerbitzuek Muskizko biztanle askori eskaintzen diote babesa, eta oso positiboki baloratu dituzte baliabide hauek erabiltzen dituzten bizilagunek eta euren familiek. Zerbitzu hauek erabiltzen dituztenen autonomia sustatzea da programa hauen helburu nagusia, eta horretarako, erabiltzaileen gaitasun kognitibo eta funtzionalak indartu eta lehengoratzen dituzte. 2017. urtean Muskizko udalerrian hiru zerbitzu hauek eskaini ahal izateko, orotara, 625.580,8 € bideratu ditu Muskizko Udalak.

Muskizko Eguneko Zentroak, 2017an, guztira, 36 pertsona artatu ditu eta urteko batez besteko okupazioa % 95 izan da. Erabiltzaile gehienak emakumeak dira, zehazki, % 72, eta portzentaje hori % 8 jaitsi da azken bost urteetan. Bizilagunen zahartzeari helduta, erabiltzaileen bataz besteko adina 86 urtekoa da. Ildo beretik, zaindutako pertsona guztien % 60 osatzen dute 85 urtetik gorako pertsonek. Azken bost urteetan % 13 handitu da talde hau. Aurreko urtean 6 alta eta 7 baja izan dira. Baja hartzeko arrazoi nagusia zahar etxeetan sartu izana da (% 86), eta azken urteetan ugaritu egin dira zahar etxean sartzeagatik Eguneko Zentroan baja hartutako pertsonak.

Zentroak 25 urteko historia dauka, eta Estimulazio Multisentsoirala edo Snoezelen delakoa egiteko gela bat dauka, betiere udalerriko pertsona nagusiei begira, eta bertan Siel Blue deitutako metodoa lantzen dute (oreka eta egonkortasun tailerra, nora ezean dabiltzanei zuzenduta, erorketak saihesteko). Egitarau programa zabala eskaintzen da: fisioterapia, psikologia, animazio soziokulturala (tailerrak, txangoak, jaiak, jarduerak …), arreta pertsonal eta soziala eta garraioa. Zerbitzu hau erabiltzen dutenek eta euren familiek 9 batez baloratu dituzte zentroko zerbitzuak, jasotako arreta eta zentroaren erakargarritasuna; erabili dutenen % 100ek zentroa gomendatzen du eta pozik daude zentroan jasotakoarekin.

Atseden Zentroari dagokionez, 2010. urtean ireki ditu ateak, eta 2017an, orotara, 32 pertsona artatu ditu, bataz besteko okupazioa % 83 izan da, eta nabarmen igo da artatutako pertsona kopurua. Gaur egun, Muskizko Atseden Zentroak goizeko bederatzi eta erdietan irekitzen ditu ateak, eta funtzionatzen dihardu arratsaldeko sei eta erdietara arte, larunbat eta igandeetan, baita larunbat eta igandeak jai egunak badira ere. Horretaz gain, irekita dagoen egunetan, erabiltzaileentzako garraio zerbitzua dago, 3 txandatan, kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko, eta zentroa erabiltzen duten pertsonak zentrora azkar iritsi ahal izateko, bidaia amaigabeetan murgildu gabe. Atseden Zentroak jasotako bataz besteko balorazioa % 8,98 izan da, eta bertan geriatria laguntzaileak daude, bai eta animazio soziokulturaleko teknikari bat ere, zeinak animazio lanez gain, zentroa zuzendu eta kudeatzeko lanak ere egiten baititu.

Nagusientzako Etxea

Bukatzeko, Nagusientzako Etxean, animazio soziokulturaleko teknikari bat dago, eta langile hori aisialdiarekin, denbora librearekin eta garapen komunitarioarekin lotutako jarduera guztiak programatu, dinamizatu, gainbegiratu eta antolatzeaz arduratzen da. Profesional horrek ekintzen asteroko kontrola darama, bai eta ekintzetara hurbiltzen diren pertsonena ere, eta asteroko kontrola bideratzen du irakasleekin. Oihaleko margo, kakorratz, yoga, ehoziri lan eta puntua eta jostura ikastaroak eskaintzen dira, bingoa eta buru gimnasioko tailerra. Horretaz gain, urtean zehar, bestelako hainbat jarduera eta txango ateratzen dira aurrera.