Albisteak

 

Azken urtean, langabe kopurua jaitsi da Muskizen, eta 547 pertsona lanik gabe izatetik 483 langabe izatera igaro da udalerria, bestela esanda, % 14,0eko langabezia-tasatik % 12,8ra pasa da. Hortaz, datu positiboak erdietsi dituzte udalerriko langabe kopurua jaitsi ahal izateko, enplegua sortzeko Forlan Udal Bulegoaren bitartez, Muskizko Udalak aurreko urtean bideratu dituen mota bateko eta besteko ekimenek.

2012. urte amaieratik, langabe kopurua eta langabezia-tasa jaistea lortu du Muskizko Udalak. 2012. urte amaieran, Muskizko udalerrian, orotara, 705 pertsona zeuden lanik gabe (% 18,5eko tasa); 2017. urtean 222 langabe gutxiago daude herrian. Batez beste, % 31,48 jaitsi da langabezia-tasa. Iraupen luzeko langabeei helduta, berriz, Muskizen 238 pertsonara jaitsi da kopurua; eta 2016. urtean 280 zen kopurua.

Iragan berri den 2017. urtean, langabezia jaisteko, hainbat ekimen bideratu ditu Muskizko Udalak. Besteak beste, 13 pertsona kontratatu dira, enplegua sustatzeko bertako ekintza planaren bitartez. Guztira, 160.000 euro erabili dira ekimen horretan; eta aurrekontu osotik, Muskizko Udalak 68.000 euro ipini ditu; gainerakoa, Lanbidek. Udalerriko langabeak kontratatzeko enpresa eta saltokiei emandako laguntza programa batean biltzen dira gainerako ekimenak. Programa horri esker, orotara, 14 pertsona kontratatu dira (9 kontratu mugagabe; horietako 2, lanaldi laburrean; 2, urte bateko iraupenekoak; eta 3, obra amaiera artekoak). 49.824 eurokoa da erabili den gehienezko diru kopurua. Era berean, enpresak sortu dira, autoenpleguaren bidez. Guztira, 10 pertsonari lagundu ahal izan zaio autoenpleguaren bitartez, eta horretarako 24.000 euro bideratu dira. Horretaz gain, administrari lanetan laguntzeko pertsona bat kontratu da Forlanen, 6 hilabetez.

Ildo beretik, bertako kontsumoa sustatzeko hamaika ekimen bideratu dira, betiere saltoki txikietako jarduerak dinamizatzeko jardueren bidez. Esate baterako, Bonu Merkataritza kanpaina, 12.500 euroko kostua izan duen erosketa orgak banatzeko ekimena eta hainbat eta hainbat ikastaro. Ikastaroetako bat etxez etxeko Arreta Soziosanitariokoa izan da, 45 urtetik gorako iraupen luzeko emakume langabeentzat (guztira, 12 emakumek hartu dute parte). Beste ikastaro batzuk ere eskaini dira (eskorga eta plataformen erabilera, garabien erabilera, elektrizitatea, petrokimikoak…). Horretaz gain, enplegua sortzeko anezka bat sortu da, DEMA agentziaren bidez; eta eskualdeko Teknogazte 4.0 proiektuan parte hartu da, zaletasun teknologiko eta teknikoak sustatzeko.

Bukatzeko, lanik gabe dauden bizilagunen gaitasuna sustatu da. Izan ere, lanik gabe dauden pertsonen prestakuntzari lagundu zaio, lanbide heziketako ikasketetarako 13 ikasketa bekaren bidez, 23 urtetik gorakoentzat. Horretarako, orotara, 15.430 euro bideratu ditu Muskizko Udalak. Ildo beretik, Itsaslur-Pobeña guneko gizarte sustapeneko proiektua aipatu behar da, zeinak 1. sektoreko laneratzea errazteko enpresa bat sortzea duen helburu. Bukatzeko, Gehilan 2000 S.L. enpresaren esleipena nabarmendu behar da, aurretik Forlanen izena eman duten Muskizko 69 pertsona langabe laneratzeko proiektua.